Industria
CAFek pandemiaren aurreko hazkunde erritmoa berreskuratzeko asmoa du
EITB Media | Agentziak
Enpresaren etorkizunaz aritu dira Akziodunen Batzar Nagusian, eta hainbat langile egoitzaren atarian bildu dira CAFek Israelentzat lan egiten duela salatzeko.
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresak covid-19aren pandemia aurreko hazkunde erritmoa berreskuratzeko asmoa du, "egoera berriaren baldintzak" kontuan izanda, eta itxaropentsu egoteko "arrazoi sendoak" dituztelako.
Andres Arizkorreta, CAFen presidentea, 2020ko datuez aritu da Akziodunen Batzar Nagusian. Iaz, 10 milioi euroko irabaziak izan zituen enpresak, 2019an baino % 60 gutxiago.
"Urtea modu positiboan ixtea lortu dugu, finantza ratioak kontrolatuta", azaldu du enpresa gipuzkoarreko arduradun nagusiak. Gainera, covid-19a tarteko, urteko lehen seihilekoan merkatuan izandako geldialdia nabarmendu du.
Hala ere, CAFen administrazio kontseiluak "konfiantza osoa" du taldearen gaitasunarekiko, eta "mundua osasun krisitik atera ahala indarberrituta" ateratzeko nahia dutela azaldu du Arizkorretak.
Langileen protesta, Israelekin egindako kolaborazioa salatzeko
Enpresako hainbat langile CAFen Beasaingo egoitzan bildu dira, Akziodunen Batzar Nagusia egiten ari ziren bitartean, Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzarekin "CAFek Israeleko okupazio eta apartheidarekin kolaboratzen" duela salatzeko.
Hala, manifestazioan parte hartu dutenek kartel bat eseki dute eraikineko hormetako batean, "Israel hiltzaile, CAF laguntzaile" testuarekin. Sare sozialetan idatzi dutenez, enpresak orain zuen aukera "historiaren alde zuzenean jartzeko eta langile, sindikatu, euskal herritar eta palestinarren" ahotsak entzuteko.
¿MOBILIZAZIOA¿ Israel hiltzaile, CAF laguntzaile. Gaur Akziodunen Batzarra izango da eta CAF Jerusalen hirian eraikitzen ari den tranbiaren proiektuari uko egin behar dio legez kontrakoa delako. #CAFJaitsiZaitezIsraelenApartheidarenTrenetik pic.twitter.com/0sWwyCci2h
— Eau de CAF (@EauDeCaf) June 5, 2021