Otsailaren 4an
ELAk eta LABek manifestazio bat deitu dute Bilbon, murrizketen aurka
Erredakzioa
ELA eta LAB sindikatuek, eta EAEko eta Nafarroako hogei bat gizarte eta sindikatu elkartek manifestazioa deitu dute datorren otsailaren 4rako, Bilbon.
ELA eta LAB sindikatuek, eta EAEko eta Nafarroako hogei bat gizarte eta sindikatu elkartek manifestazioa deitu dute datorren otsailaren 4rako, Bilbon. Krisia aitzakiatzat hartuta gobernuek azken boladan hartutako murrizketa sozialei "nahikoa da" esateko deitu dute manifestazioa.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman du Bilbon, ekimena aurkezteko. Halaber, mobilizazioan parte hartzeko deia egin die "lan eremuko jendeari, talde marjinalei, elkartasuna estimutan duen jendeari".
EAEko sindikatu nagusiaren idazkari nagusiak "kalea eskubide publikotzat eta demokratikotzat" aldarrikatu du, "nahikoa da" esateko, eta murrizketak "beharrezkoak” ez direla esan du. Halaber, egungo politika ekonomikoentzat beste aukera batzuk daudela esan du.
Botere politikoak finantza botereari men egitea salatu du Muñozek berriz, eta "langabezia gehiago eta gizartean desberdintasun handiagoak” sortzen dituzten politikak garatzearen aurka ere egin du.
Muñozek ohartarazi duenez, "eskainiko dituzten miseriazko kontratuak onartzea beste aukerarik ez izatea da prekarietatea zabaltzen eta gizartearen prestazioak gutxitzen dituzten erreformen helburua".