Aldi baterako lan erregulazioa
"Zuzendaritzaren jarrera despotikoa" salatu du Petronorreko enpresa-batzordeak
Agentziak | EiTB Media
Horretarako, Bizkaiko findegian greba eguna deitu du iganderako, Petronor Bandera estropadan protesta egiteko. "Langile faltagatik beharrezko berrikuskapen industrialak" atzeratzen ari direla ziurtatu du.
Petronorreko enpresa-batzordeak azaldu duenez, "akordioak betetzen ez" dituen "zuzendaritza despotikoaren" aurrean "borrokan jarraitzeko erabaki irmoa" hartu zuten langileek iragan astean. Aldi baterako lan erregulazioko espedientea "inolako" justifikaziorik ez duela erantsi dute beharginen ordezkariek ohar batean.
Horregatik, greba eguna deitu dute igande honetarako, uztailak 11, Bizkaiko findegian, Petronor Bandera estropadan protesta egiteko. Maiatzaren 3tik aldi baterako lan erregulazioko espedientea aplikatzen ari dira enpresan.
Adierazi dutenez, findegian aparteko orduak "areagotzen" ari dira, maiatzera arte 11.500 baino gehiago. "Ekoizpen arloetan egoerak okerrera egin du; izan ere, aparteko orduak bikoiztu dira, iragan urtearekin alderatuta", gaineratu dute.
Zentzu horretan, arlo batzuetan "lan-kargak gainezka egin die" eta "zereginak pilatzen ari dira", azpimarratu dute. "Langile faltagatik beharrezko berrikuskapen industrialak" atzeratzen ari dira, eta "Eusko Jaurlaritzako Industria Sailean salatu dugu", erantsi dutenez.
"Aparteko orduak saihesteko eta trebakuntza hobetzeko beharrezko langileak etxera bidaltzen dituzte kontratua etenda", ziurtatu du beharginen ordezkaritzak. Aldi baterako lan erregulazioko espedienteak "ez du zentzurik, argi dago", nabarmendu dute.
Enpresa-batzordearen ahotan, Petronorren zuzendaritzak "erabaki politiko batean erregulazioa mantendu du, langileen lan baldintzak prekarizatzeko mekanismo gisa".
Gainera, "zuzendaritzak makillaje, publizitate eta salmenta makineria guztia martxan jarri du komunikabideetan, neurri traumatikoa beharrezkoa dela azaltzeko", kritikatu du.