Kaleratzeak
Tubacexek ez ditu berriro hartuko Laudio eta Amurrioko lantegietako 129 kaleratuak
EITB MEDIA
Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko duela azaldu du zuzendaritzak, eta Auzitegiak erabakia hartu arte ez ditu kaleratutako langileak lanera itzuliko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Tubacexeko zuzendaritzak enpresako batzordeari jakinarazi dio ez dituela berriro hartuko Laudio eta Amurrioko lantegietan EEEan zeuden kaleratutako 129 langileak, sindikatuek baieztatu dutenez.
Erabaki horrekin, ITPren filiala zen PCB enpresaren bide berdina jarraituko du Tubacexek. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabetzak jo zituen enpresa horretan ere, eta horren aurrean PCBk langileak berriro onartu ordez, soldatak ordaintzearen alde egin zuen.
Joan den ostiralean, eta epaia betearazteko enpresari bost egun ematen zizkion epaia publiko egin ondoren, zuzendaritzak bilera baterako deia egin zion batzordeari astearte honetarako, azken erabakia jakinarazteko.
Bestalde, enpresak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, eta Auzitegiak erabakia hartu arte ez dituela kaleratutakoak lanera itzuliko adierazi du.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epaiek kaleratutakoak baliogabetzat jo dituzte; izan ere, taldearen galera ekonomikoak ez dira "koiunturalak", zuzendaritzak argudiatu zuen bezala. Auzitegiaren arabera, pandemiarekin eta jardueraren beherakadarekin lotutako krisi ekonomikoak eragin zuen enpresaren egoera ekonomiko zaila.
Galdutako aukera
Tubacexeko enpresa batzordeak "aukera galdutzat" jo du erabakia, zuzendaritzaren eta langileen arteko harremanak normalizatzeko "topagune" bat aurkitzeko lanetan. Sindikatuek eta langilek "datozen egunetan" aztertuko dituzte bilera horretatik ateratako ondorioak.
Halaber, manifestazio bat deitu dute asteazken honetarako. Mobilizazioa arratsaldeko 18:30ean hasiko da enpresak Laudion duen lantegitik, eta herritarrei gonbita zabaldu die, "hilabete hauetan guztietan jasotako babesa eskertzeko".
Gatazkari eustea
Bestalde, batzordean gehiengoa duen ELA sindikatuak ohar propioa kaleratu du. Bertan, Tubacexeko zuzendaritzari "gatazka mantentzearen aldeko apustua" egiten jarraitzea leporatu dio, eta hori "albiste oso txarra" dela gaineratu du.
Hori dela eta, sindikatua datozen orduetan bilduko da "egoera aztertzeko eta beharrezkoak diran erabakiak hartzeko". Joan den astean egindako prentsaurreko batean, Eduardo Ibernia ELAko idazkari nagusiak iragarri zuen, berriz ez onartzeko erabaki hori hartuz gero, sindikatu gisa gainerako sindikatuei 150 egunetik gorako greba mugagabearekin jarraitzea proposatuko dute.