Industria plana
Industria BPGaren % 40 baino gehiago izatea jarri du helburutzat Eusko Jaurlaritzak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Horrez gain, enpresen internazionalizazioa bultzatu nahi dute, eta Asiako merkatuan jarriko dute indarra horretarako. Hala, bulego berriak irekiko dituzte Japonian eta Hego Korean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak ekonomia suspertzeko plana onartu du astearte honetan, eta hainbat helburu ezarri ditu, besteak beste, industria eta zerbitzu aurreratuak Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 40 baino gehiago izateko. Halaber, 2024an esportazioa BPG osoaren herena izatea jarri dute helburutzat.
2019an, pandemiak eragindako krisia hasi aurretik, industriaren sektoreak BPGaren % 38,5 eragiten zuen.
Arantxa Tapia sailburuak agerraldia egin du 2021-2024 Industria eta Nazioartekotze Planaren xehetasunak eta lehentasunak azaltzeko. 2017-2021erako planaren emaitzen berri ere eman du, eta esportazioen kopuruak gora egiteko lagundu zuela ziurtatu du, esportazioak % 17,5 hazi baitziren 2016a eta 2019a bitartean.
Esportazioak handitzeaz gain, enpresen nazioartekotzea ere bultzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Sailburuak azaldu duenez, Ameriketako Estatu Batuetako merkatuak izango du lehentasuna, Alemania, Frantzia eta Erresuma Batukoekin batera.
Alabaina, Asiako merkatuen aldeko apustua egingo dutela iragarri du. Hala, urtea amaitu orduko Internazionalizaziorako Euskal Agentziak ordezkaritza berriak irekiko ditu Japonian eta Hego Korean.