Itxi

Lan gatazka

Tubacexen zuzendaritzak ohartarazi du gaur dela bere proposamenari erantzuteko azken eguna

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Uztailaren 26tik hasita, "itzulera mailakatua" eskaini zien enpresak kaleratutako 129 langileei. Gehiengoa duen ELAren ustez, lanera bueltatzea "bermeekin" egin behar da. Jaurlaritzak, bestalde, negoziatzeko deia egin die bi aldeei.

Tubacexek Araban duen lantegietako bat. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Tubacexen zuzendaritzak sindikatuei ohartarazi dienez, gaur dute azken eguna bere proposamenari erantzuteko, alegia, kaleratutako beharginei lanera itzultzeko egindako eskaintzari erantzuteko.

Enpresak asteartean jakinarazi zuen enplegu-erregulazio espediente (EEE) bidez kaleratutako 129 beharginak euren lanpostuetara itzultzea onartu zuela. Itzulera "mailakatua" proposatu zuen, uztailaren 26tik azaroaren 30era bitarte. EAEko Auzitegi Nagusiak Tubacexen espedientea baliogabetu eta 15 egunera egin zuen iragarpena.

Ohartarazpenaren aurrean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak azpimarratu du zuzendaritzarik "15 lerroko folio bat" baino ez duela aurkeztu (bertan iragarri zuen langileak berriro onartuko zituela). "Ezin dugu ontzat eman", erantsi du, eta lanera itzultzea "bermeekin eta xantaiarik gabe" egin behar dela nabarmen du. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, "garaipen sindikaltzat" jo du zuzendaritzaren jarrera aldaketa (hasiera batean, ez hartzea ebatzi zuen), baina zehaztu du itzulera hori zelan egin negoziatu behar dutela.

Bien bitartean, negoziatzeko deia egin die bi aldeei Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak. Esan duenez, sektoreak "oso txarto pasatu du", baina orain "halako susperraldi bat" izan da, eta "kontratu gehiago daude, aurrera irteteko aukera gehiago".

"Uste dut orain badagoela aukera negoziatzeko. Tubacexek bere jarrera aldatu du, eta prest dago pertsona horiek guztiak berriro enpresan sartzeko eta lanera bueltatzeko. Beraz, baikortasunerako leiho bat badagoela uste dut, baina ez dago zalantzarik negoziazio hori bien artean egin behar dutela".

Albisteak (5)