Itxi

Elkarrizketa

Lakuntza: "Tubacexeko greba ez dugu bertan behera utziko lanera itzultzea bermeekin egin arte"

EITB Media

Leer en Castellano

Arabako lantegian egindako grebaren eta borroka sindikalaren garrantzia azpimarratu ditu ELAko idazkari nagusiak. Bestalde, kezkatuta azaldu da lan eta pentsioen erreformekin.

Mitxel Lakuntza, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA

Tubacexek kaleratutako 129 langileak berriro hartzera "lorpen sindikala" dela azpimarratu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, eta grebaren eta borroka sindikalaren garrantzia azpimarratu ditu. Horren harira, ohartarazpena ere egin du: "Tubacexeko greba ez dugu bertan behera utziko lanera itzultzea bermeekin egin arte".

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, erregulazio espedientea baliogabe jotzeko EAEko Auzitegiaren ebazpenak berretsi egin du sindikatuen jarrera. Lakuntzaren ustez, "agerian geratu da zuzendaritzak ez zuela 129 langileak kaltera botatzeko arrazoirik. Enpresak gezurra esan du eta datuak manipulatu ditu".

Enpresak atzo salatu zuen zatiketa dagoela greba jarraitu nahi duten eta bertan behera utzi nahi dutenenen artean, eta hainbat pertsonak enpresa batzordeko bilera eten zutela, grebarekin aurrera jarraituko zuten erabakitzeko eztabaida galaraziz. Horri buruz galdetuta, ELAko idazkari nagusiak esan du enpresak "zatiketa" eragin nahi duela "informazioa intoxikatuz", eta horren ordez, "batasuna eta eredugarritasuna" dagoela Tubacexen langileriaren artean.

Argitu duenez, zuzendaritza eta enpresa batzordea ez dira oraindik ados jarri, enpresak "xantaia" gisa planteatzen duelako bilera. Horren ildoan, azaldu du sindikatua prest dagoela aldi baterako enplegu erregularizazio bati buruz hitz egiteko.

Tubacexen moduko epaiek segurtasun juridiko eza dakartela adierazi zuen atzo Eduardo Zubiaurre Confebaskeko buruak. Horren inguruan, galdea egin du Lakuntzak: "Zein da patronalarentzat balekoa den segurtasun juridikoa? Arrazoia ematen diena bakarrik? Onartezina da. Jakin nahiko nuke zein iritzi duen enpresek egiten duen informazioaren manipulazioaz eta langileen kaleratzeaz".

Erreformekin, kezka

Espainiako Gobernuak erakutsi dituen hainbat jarrerarekin arduratuta azaldu da Lakuntza, besteak beste, gutxieneko soldata igotzea atzeratzearekin eta batez ere, lan eta pentsioen erreformekin. Azken horri buruz azaldu du helburua dela "baby boom belaunaldiari" eragitea dela, kotizazio urte asko dituztelako. Lakuntzarentzat, "oso larria" izango litzateke EAJk eta EH Bilduk horretan Espainiako Gobernua babestea.

LABek babesten duen greba orokorraren inguruan, ELAko buruak ez du ezer baztertu, baina bilakaeraren zain egoteko unea dela iritzi dio, datuak faltan dituelako.

Bitarteko langileei eragiten dien lege dekretua ahotan, Lakuntzak uste du EAJk "sektore publikoko milaka langile kaleratzeko aukerari" atera zabaldu diola. Izan ere, gogorarazi duenez, Europako epaik batek zehaztu zuen enpleguak hiru urteren buruan kontsolidatu behar zirela. Hala, Jaurlaritzaren proposamena "oso mugatua eta partziala" dela ondorioztatu du.

Azkenik, nabarmendu du oraindik badirela konpondu gabeko gatazka asko, hala nola, "soldata arrakala, prekarietatea eta azpikontratazioa".

Albisteak (1)