Itxi

2020ko balantze ekonomikoa

2020ak balantze "zeharo negatiboa" utzi duen arren, susperraldia sendoa eta azkarra izatea espero dute

Olatz Prat | eitb media

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzaren urteko txosten ekonomikoaren arabera, koronabirusaren krisiak EAEko BPGa % 9,5 jaitsarazi du eta 20 900 lanpostu galdu dira. Atzeraldiak aurrekaririk ez duen arren, 2021 eta 2022 artean susperraldi handia aurreikusten dute.

Barredo, Azpiazu eta Campas, gaur. Argazkia: Irekia.

Koronabirusaren pandemiak eragindako krisiak EAEko Barne Produktu Gordina (BPG) % 9,5 jaitsarazi du, hamarkadetako atzeraldi handiena. Hala ere, epe laburrean susperraldi sendoa espero da. Hala jasotzen du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuk gaur aurkeztu duen 2020ko euskal ekonomiaren urteko txostenak.

Sailburuarekin batera, Jordi Campas Ekonomia eta Europako Funtsen sailburuordea eta Iñaki Barredo Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria egon dira, eta bat etorri dira sailburuarekin 2020ko balantze ekonomikoa egiteko "lasaitasun dosi ona" behar dela esaterakoan, ezohiko urtea izan delako zentzu guztietan.

Txostenaren arabera, 2020ko zifra ekonomikoak, Euskadiri zein munduko ekonomiari dagozkienak, "zeharo negatiboak" dira. Uzkurtze horren tamaina hobeto ulertzeko, gogorarazi dute 2009ko Atzeraldi Handiaren urterik gogorrenean munduko BPGa hamarren bat baino ez zela murriztu, 2020an beherakada hori % 3,3ra iritsi zen bitartean, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) aurtengo apirilean egindako txostenaren arabera. 

Munduko ia arlo ekonomiko guztietan BPG nabarmen jaitsi zen testuinguru horretan, euskal ekonomia ez zen salbuespena izan. Azken atzeraldien erreferentziak izan ziren: -% 4,1 2009an, -% 2,0 2012an eta -% 1,7 2013an. "Beraz, garai honek eta BPGaren -% 9,5eko balantzeak nabarmen gainditzen du azken hamarkadetan ezagututako eragin negatiboa", azpimarratu du Azpiazuk.

Lanpostuen galera

Era berean, arreta jarri dute jardueraren galga horrek lan-merkatuan izan dituen "ondorio nabarmenetan", izan ere 2020an, besteak beste, 20.900 lanpostu galdu ziren. Horrela, 5 urtez jarraian lanpostuak sortu ziren. Horrela, lanpostuak sortzeko ondoz ondoko 5 urteko aldiari amaiera eman zitzaion

Enpleguaren beherakada jarduera ekonomikoaren beherakadaren ondorioz espero zitekeena baino apalagoa izan zen, gainera . Izan ere, erregulazio espedientepean zeuden pertsona gehienak enplegatu gisa kontabilizatu dira.

Erantzun fiskal eta monetario azkarra

Aurreko atzeraldietan erantzuna austeritate-politikak izan baziren, oraingoan pandemiari emandako erantzun fiskala eta monetarioa azkarra eta tamainaz handia izan da, batez ere garatutako ekonomien artean. Horren adibide Europako Batzordeak bultzatutako Next Generation EB programa 750.000 milioi eurokoa.

Azpiazuk adierazi duenez Eusko Jaurlaritzak pandemiari emandako erantzuna honako bideetatik etorri zen: osasun-gastu handiagoa, ikastetxe publikoei eta itunpekoei laguntza berezia ematea, unibertsitate-sistema digitalizatzeko laguntzak, gizarte-larrialdietarako laguntzak areagotzea, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko laguntza gehiago ematea, erregulazio espedientepean zeuden langileentzako laguntzak eta enpresei likidezia emateko laguntzak. Azpiazuk nabarmendu duenez, "horrekin guztiarekin, 2020an 850 milioi euro baino gehiago erabili dira pandemiaren aurkako borrokan".

Gainera, 1.000 milioiko funts bat jarri zen martxan, Elkargirekin kudeatuta, zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko. Foru-aldundien eta udalen jardun proaktiboarekin osatu ziren laguntza-lerro horiek.

Etorkizuna, susperraldia

Euskal ekonomiari dagokionez, 2021-2030 aldirako oinarrizko agertokiak herrialde garatuetarako aurreikusitako bilakaeraren antzekoa erakusten du; izan ere, 2021eko (BPGaren % 6,7) eta 2022ko (% 5,7) hazkunde handiek erritmo leunagoei bide ematen diete hurrengo urteetan: 2023 (% 1,8), 2024 (% 1,7). Lehen urte horietan, kontsumo pribatua suspertu egin da, ekonomiaren batez bestekotik gora, pandemia-denboran sortutako aurrezpenak bultzatuta.

Txosten honetan aurreikusten denez, enpleguari mesede egingo dio jarduera ekonomikoaren bultzadak. Jardunaldi osoko lanpostuen baliokideei dagokienez, aurten enplegua % 4,9 handitzea espero da. Ehuneko hori hurrengo urtean % 3,3koa izango da, eta ondorengo aldietan pandemiaren aurreko balioekin bat datozen kopuruetara itzuliko da. Horri esker, langabezia-tasa 2020ko batez besteko % 10,6tik 2021ean % 10,3ra eta 2022an % 9,6ra jaitsiko da.

Azpiazuren arabera, "Covid-19aren pandemiak sortutako krisia gizartea eraldatzeko aukera gisa hartu behar da", eta hiru alderdi azpimarratu ditu: trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetiko-klimatikoa eta trantsizio demografiko eta soziala. Horren esanetan, behin unerik txarrenak igarota, "helburua ez da susperraldia bultzatzea, inbertsioa eta gure ekonomiaren proiektu eraldatzaileak martxan jartzeko gaitasuna bultzatzea baizik".

Albisteak (3)