Adimen Artifiziala
BAIC eratu dute 17 erakundek, EAEn adimen artifizialaren garapena bultzatzeko gunea
o.p. | eitb media
BAICek EAEn IAren garapena sustatu nahi du, IAren euskal ekosistema artikulatu eta IAren sektoreko enpresa berrien sorrera sustatu, tokiko trakzio-enpresak inplikatuta.
17 erakundek BAIC (Basque Artificial Intelligence Center) eratu dute gaur, Euskal Autonomia Erkidegoan Adimen Artifiziala sustatzeko helburuz.
Asteazken honetan egin dute eraketa ekitaldia Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izan da eta adierazi du BAICen helburua "enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetzea" dela. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak ere parte hartu du ekitaldian, BAIC osatzen duten 17 erakundeetako ordezkariekin batera.
EAEn Adimen Artifiziala (AA) sustatuko duen lankidetza publiko-pribatuko gune bat izateko sortu da BAIC, "industriak bere gain agudo hartzeko tresna bat, eta, aldi berean, erronka teknologiko eta sozial handienetako batean nazioarteko posizionamendu gisa balioko duten proiektuak esperimentatzeko eta bizkortzeko laborategi bat", lehendakariak adierazi duenez.
BAICek helburu ditu, besteak beste, EAEn AAren garapena sustatzea, EAEko Adime Artifizialaren ekosistema artikulatzea (enpresak, teknologia- eta ikerketa-zentroak, prestakuntza-zentroak, etab.) eta AAren sektoreko enpresa berrien sorrera sustatzea, tokiko trakzio-enpresak tartean sartuta.
Arantxa Tapia sailburuak azpimarratu duenez, "talentuaren sustapena bultzatu nahi da EAEko prestakuntza-zentroekin lankidetzan, prestakuntza aurreratua sustatuz arlo horretan, talentua sustatu, garatu, atxiki eta erakarri ahal izateko", gainera, beste erakunde batzuk BAICekin bat egitera gonbidatu ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoak esparru horretan dituen gaitasun zientifiko-teknologikoen arteko sinergiak sustatzeaz gain, eskaintza nazioartean zabaldu da atzerriko talentua, enpresak eta inbertsioa erakartzeko. Horrela, enpresak nazioarte mailan sareekin eta merkatuekin konektatzea eta proiektatzea espero da, eta, azkenik, Adimen Artifizialaren aurrerapen teknologikoen eragin etikoak aztertu eta kontuan hartzea.
BAICen aurrerapen teknologikoek dituzten ondorio etikoak aztertu eta kontuan hartuz, bere misioa beteko du jarduera-arlo desberdinak garatuz. Bateratuta, AAren arloan planteatzen diren erronka konplexuentzako irtenbide osoak eraikitzea ahalbidetzen dute.
BAICen erakunde sustatzaileak CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Corporación, Onkologikoa, Petronor, Sener eta Versia dira; eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza-zentroak, besteak beste, Tecnalia eta Vicomalia. Lankidetza publikoa SPRI Taldearen eskutik dator, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean.