Meategiak
Pasaiako portutik aritzeko aurreakordioa sinatu du Geoalcali enpresak
Agentziak | EITB Media
Nafarroa eta Aragoi artean dagoen Muga meategia ustiatu nahi du Geoalcalik, eta potasa-ekoizpenaren zati handi bat itsasoz esportatzea aurreikusten du.
Pasaiako Portuko Agintaritzak asmo-protokolo bat sinatu du Geoalcali enpresarekin, Gipuzkoako dartsenaren bidez jarduteko konpromisoa berresteko, Nafarroa eta Aragoi artean dagoen Muga meategia ustiatzeko emakida lortu ostean.
Potasa-meategiak ustiatzen dituen Espainiako sozietatea da Geoalcali, eta bere ekoizpenaren zati handi bat itsasoz esportatzea aurreikusten du. Urtean 700.000 tona izan litezke.
Arduradunek zehaztu dutenez, meategia bi fasetan ustiatuko da: lehenengoan, urtean 500.000 tona potasio kloruro eta beste 500.000 tona gatz ekoitziko dira; bigarren fasean, urteko ekoizpena bikoiztu egingo da, aurreikuspenen arabera.
Bi erakundeek konpromisoa hartu dute merkantziak portuan bertan manipulatzeko, "zero hauts isurketa" bermatuta. Protokolo hori baliozkoa izango da portuko operadore batekin kontratu lotesle bat sinatu arte, eta horrek portuan merkantzia hori behar bezala erabiltzeko izapideak hasiko ditu.