Itxi

Langabezia

4.750 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian, 2011z geroztik uztailik onena

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Langabeziak lau lurraldeetan egin du behera. Horrela, uztailak 3.157 langabe gutxiago utzi ditu EAEn (% 2,58), eta 1.593 pertsona gutxiago daude lanik gabe Nafarroan (% 4,39).

Langabeziak behera egin du uztailean. Irudia: EiTB Media

Uztailak 3.157 pertsona langabe gutxiago utzi ditu EAEn, % 2,58 egin baitu behera, ekaineko datuekin alderatuta; beraz, 2011z geroztik izandako uztailik onena izan da. Horrela, orotara 119.202 langabe daude. Halaber, Nafarroan 1.593 pertsona gutxiago daude lanik gabe, ekainean baino % 4,39 gutxiago, eta 34.673 dira guztira; 2020ko uztailean baino 5.375 pertsona gutxiago daude langabezian (% 13,42 gutxiago).

Lan Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak astearte honetan jakitera eman dutenez, 2020ko uztaileko datuekin alderatuta, langabeziak % 16,85 egin du behera Euskal Autonomia Erkidegoan, 24.158 langabe gutxiago zenbatu baitituzte.

Hala ere, osasun krisia hasi aurreko azken hilabetean, 2020ko otsailean, baino 1.963 langabe gehiago daude oraindik. Edozein kasutan, pandemia hasi zenetik izan den langabe kopuru txikiena du EAEk.

Hiru lurralde historikoetan egin du langabeziak behera, ekaineko datuekin zein 2020ko ekainekoekin alderatuta.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, langabeziak % 1,71 egin du behera Araban uztailean, ekaineko datuekin alderatuta, eta % 17,49, iazko ekainekoekin konparatuta; Bizkaian, % 2,56 egin du behera ekaineko datuekin alderatuta, eta iazko hilabete berean baino % 15,14 txikiagoa da; eta Gipuzkoan, berriz, % 3,16 murriztu da hilabetean eta % 19,97 urtebetean.

Ekainean langabeziak sektore guztietan egin du behera, industrian (% 3,07) eta lehen sektorean (% 3,02) gehienbat. Iazko datuekin alderatuta, azpimarratzeko modukoa da industrian (% 22,65) eta zerbitzuetan (% 16,66) izandako beherakada.

Epe luzeko langabeei dagokienez, uztailean 2.629 pertsona gutxiago zenbatu dituzte horien artean; % 3,91 gutxiago, hain zuzen.

Espainiako Estatuan, langabeziak beherakada historikoa izan du uztailean; izan ere, 197.841 pertsona gutxiago daude lanik gabe (% 5,47). Orotara, 3,41 milioi langabe daude.

"Urtebete eskasean galdutako enpleguaren % 93 berreskuratu da"

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, "Euskadik krisitik ateratzeko oinarri sendoak jarri ditu, urtebete eskasean galdutako enpleguaren % 93 berreskuratu duelako", baina "pandemia aurreko defizitak ditu; behin-behinekotasuna edo partzialtasuna, esaterako".

"Olatu bakoitzean sare ekonomikoak erakutsitako sendotasuna eta eskainitako erantzuna" aintzat hartu du EAEko Exekutiboak, "irailetik langabeziaren beherakadak etenik izan ez duelako, baita udako hilabeteetan ere, nahiz eta Euskadin enpleguarentzat onenak ez izan".

Bestalde, Europako funtsek "ez dute bakarrik enplegu aukerak eskaintzen jarraitzera bultzatu behar, lanpostuak kalitatezkoak, barnerakoiak eta berdinak izatera baizik".

Alfonso Gurpegui Enplegu sailburuordeak aitortu duenez, hobekuntzak ez dio ostalaritza sektoreari eragin. Nahiz eta adierazleak positiboak izan, datuek "ez dute ezkutatzen ostalaritzak ez duela pandemia aurreko jarduera berreskuratu. Duela bi urteko uztailean baino % 41 kontratazio gutxiago egin ditu, neurri murriztailerik gabeko uda batean, eta aisialdiak eta jarduera artistikoak ere % 32 egin dute behera", nabarmendu du.

Industria eta eraikuntza, ostera, suspertu egin direla goraipatu du sailburuordeak; izan ere, "enpleguaren egoera pandemia aurreko bera da".

CCOOk, aldiz, "kezkagarritzat" jo du afiliazioaren beherakada, baita kontratazio mugagabeak (-% 9,25)  behin-behinekoak (-% 3,52) baino gehiago murriztea ere. Sindikatu horren iritzian, "egoera oraindik pandemia aurrekoa baino okerragoa da, eta suspertzea prekarietatea areagotzearen kontura egiten ari da".

Albisteak (3)