Itxi

Erosteko eskaintza publikoa

MasMovil konpainiak Euskaltelen % 98 bereganatu du

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Euskalteleko akziodunek dirutza bereganatuko dute salmentarekin. Horrela, Zegona Erresuma Batuko enpresak eta akziodun nagusiak 421 milioi euro jasoko ditu. Kutxabankek 390 milioi euro bilduko ditu.

MasMovil konpainiak Euskaltelen % 98 bereganatu du. Artxiboko irudia: EiTB Media

Euskalteleko akziodunen % 98k hartu dute parte, enpresa erosteko MasMovilen eskaintza publikoan, merkatuko iturriek baieztatu dutenez. Euskaltelen % 100 bereganatzeko 1.965 milioi euroko eskaintza egin zuen MasMovilek.

MasMovilek gutxienez akzioen % 75 erosi behar zituen euskal enpresa erosteko, eta Espainiako Estatuan sektoreko laugarren konpainia indartsuena izateko.

Orain, operazioa datozen hilabeteetan burutu, eta Euskaltel burtsatik at geratuko da.

Operazioa martxoaren 27an abiatu zuten, akziodunen sinadurarekin, eta hurrengo hilabeteetan dagozkion baimenak jaso ditu, baita Espainiako Gobernuarena ere; izan ere, atzerriko hiru funts MasMovilen jabeak dira: Cinven, Providence eta KKR.

Talde berria urtero 2.700 milioi euro fakturatzeko gai izango da, eta merkatuan abiadura handienean hazten ari ziren bi enpresak batuko ditu. "Hiru handiei" presioa egingo die, eta presentzia handia izango du Espainiako iparraldean. 1.900 langile baino gehiago izango ditu talde berriak.

Finantziazioa

Operazioa zorrarekin ordainduko dute, eta Euskalteleko pasiboaren finantziazio batek lagunduko dio. Guztira, Meinrad Spengerrek zuzendutako enpresak 3.550 milioi euro ordaindu beharko ditu operazioan; izan ere, transakzio kostuak erantsi behar zaizkio (67 milioi euro).

BNP Paribas, Santander, Barclays Bank, Deutsche Bank, Goldman Sachs, BBVA, Credit Agricole, Sabadell, Morgan Stanley eta Mizuho Bank Europe bankuen bidez lortuko du finantziazioa.

Akziodunen mozkinak

Euskalteleko akziodunek dirutza bereganatuko dute salmentarekin. Horrela, Zegona Erresuma Batuko enpresak eta akziodun nagusiak 421 milioi euro jasoko ditu. Zegonak erosteko eskaintza publikoa adostu zuen.

Bestalde, Kutxabankek 390 milioi euro bilduko ditu, eta Corporacion Financiera Albak 216 milioi. Era berean, Abancak, akzioen % 4,48rekin, 88 milioi euro sakelaratuko ditu.

NN Groupek, akzioen % 6,85ekin, 134,7 milioi euro poltsikoratuko ditu. JP Morganek eta Magnetarrek 109 eta 108 milioi patrikaratuko dituzte, hurrenez hurren. Akzioen % 5 baino gehiago zituzten bakoitzak.

Azkenik, Syquant Frantziako funtsak 88 milioi baino gehiago irabazi ditu, eta Ciamek akzioen % 3,3 saldu ditu 65,8 milioi euroren truke. Syquantek azken unera arte erosi ditu Euskaltelen akzioak.

"Arrakasta handia", MasMovilen esanetan

Prentsa-ohar baten bidez, MasMovilek adierazi du Erosteko Eskaintza Publikoa "arrakasta handia" izan dela, onarpena % 97,67 izan baita; halaber, iragarri du "ondorengo egunetan" aktibatuko duela Burtsatik kanpo uzteko prozedura. Ekintza horren bidez, horrez gain, oraindik bereganatzeko dituen Euskalteleko akzioak hartuko ditu bere gain.

MasMovilek 2.000 milioi baino gehiago ordainduko ditu Erosteko Eskaintza Publiko honetan, eta Euskalteleko zorra berriro finantzatuko du. Guztira, eragiketa 3.550 milioi euroko balioa izango du; orain arte, taldeak egindako handiena da, lehena Cinvenek, KKRk eta Providencek erosi zutenetik.

Konpainiak azpimarratu duenez, eragiketa honetan "osagarriak diren bi konpainia lotu dira. Biek izan dute hazkunde aipagarria azken urteotan; telekomunikazioetako merkatuan, bien maila indartuko da".

"MasMovil Taldera, ongietorria eman nahi diogu Euskaltel Taldeari, baita Euskalteleko, Rko, Telecableko eta Virgineko bezeroei. MasMovilek hazkunde-prozesua bultzatzen jarraitu du, eta asmoa da bezeroak pozik egotea, merkatuan beste inor baino gehiago", esan du Meinrad Spenger MasMovil Taldeko kontseilari delegatuak.

Halaber, enpresak azpimarratu du inbertitzeko asmoa duela, baita "egitasmo industrial sendoa" ere. Ildo horretan, taldeak lehentasuna emango dio Euskadirekin, Galiziarekin eta Asturiasekin duen konpromisoari; izan ere, marken sustraitzea indartuko du, eta 5G eta zuntz optikoa landuko ditu.

Albisteak (6)