Itxi

Lana

Langabezia % 2,57 igo da Euskadin, eta % 1,79 jaitsi Nafarroan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Foru Erkidegoan 620 langabe gutxiago daude, baina 3.058 gehiago EAEn, uztaileko datuekin alderatuta.

Langabezia-tasak bilakaera desberdina izan du azken hilabete honetan Hego Euskal Herrian: Nafarroak uztailean baino 620 langabe gutxiago zenbatu ditu abuztuan, eta Euskadik 3.058 langabe gehiago ditu.

Abuztuan, Euskadiko 3.058 langabe gehiagok eman dute izena Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan (SEPE), uztailean baino % 2,57 gehiago. Hartara, guztira, 122.260 langabe daude EAEn, Lan Ministerioak jakitera eman dituen datuen arabera.

Bestalde, epe berean, Nafarroan 620 pertsona gutxiago erregistratu dituzte lanik gabe, hau da, % 1,79 gutxiago. Guztira, 34.053 langabe daude foru erkidegoan: 13.544 gizon eta 20.509 emakume.

2020ko abuztuarekin alderatuta, 24.190 langabe gutxiago zenbatu dira Euskadin, hau da, % 16,52 gutxiago; Nafarroan, berriz, 4.917 langabe gutxiago zenbatu dira, % 12,62 gutxiago.

Datuak lurraldeka aztertuta, langabezia % 3,84 hazi da Araban, uztailean baino 765 langabe gehiago baitaude; beraz, 20.702 langabe gehiago ditu herrialde horrek. Gipuzkoan, % 2,46 egin du gora langabeziak, eta, 768 langabe gehiagorekin, guztira, 32.030 langabe daude bertan; Bizkaian, aldiz, % 2,24 hazi da: 1.525 langabe gehiago daude, eta 69.528 guztira.

2020ko abuztuarekin alderatuta, Gipuzkoak % 19,57ko beherakada erlatiboa izan du langabeen kopuruan (-7.792), Arabak % 17,15eko jaitsiera izan du (-4.285) eta Bizkaiak % 14,84koa (-12.113).

Estatu mailari erreparatuz gero, espainiar Estatuan 3.333.915 pertsona daude langabezian, 82.583 gutxiago; horixe da abuztu batean serie historiko osoan langabeziak izan duen beherakadarik handiena.

Oro har, langabeziak hamahiru erkidegotan egin du behera: Andaluzian (-32.102 pertsona), Kanariar Uharteetan (-19.844 pertsona) eta Katalunian (-17.186 pertsona); gora egin du, berriz, Valentziako Erkidegoan (6.606 pertsona), Madrilgo Erkidegoan (3.526 pertsona) eta Euskadin (3.058 pertsona).

Beste urte batzuekin alderatuta, aldaketa nabarmenik ez Euskadin

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak azaldu duenez, abuztuan, jarduera ekonomikoa nabarmen gelditu da Euskadin, "industrian eta merkataritzan batez ere". Hori dela eta, hilabete horretako bilakaera beste urte batzuetakoaren "antzekoa" dela azpimarratu du. Aurreko urtearekin alderatuz, ordea, desberdintasun bat dagoela ohartarazi du: "Datu horrek azken hilabeteetan izan duen bilakaera". Eta, azaldu duenez, bilakaera horrek adierazten du "Euskadi urrats sendoak ematen ari dela erabateko berreskurapena lortzeko".

Mendiak dioenez, enplegua "babesteko egin den ahalegin publikoak" eta gizarte-eragileekin egindako akordioek "konfiantza" eman die enpresei euren jarduera berreskuratzeko. Azpimarratu du pandemiaren olatu bakoitzak arriskuak areagotu dituela, baina, aldarrikatu du txertoaren hedapena funtsezkoa izan dela enpresek konfiantza berreskuratzeko.

Horren aurrean, datozen hilabeteak "funtsezkoak" izango direla iragarri du lehendakariordeak. "Hurrengo aurrekontuetan, dagoeneko hasi ditugun programak indartuko ditugu, enplegu duin bat aurkitzeko arazo gehien dituzten horiek erreskatatzeko: emakumeak, gazteak eta 45 urtetik gorakoak".

Bilakaera positiboa Nafarroan

Ildo beretik, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialek kontseilariak adierazi du datuok "oso positiboak" direla: "Zalantzarik gabe, ekonomiaren eta enpleguaren susperraldi handi batean gaude".

Datuak aztertu ondoren, adierazi du "etorkizunari itxaropenez eta baikortasunez" begiratzeko aukera ematen duela egoerak. Izan ere, "hazkunde-aurreikuspenak oso onak dira, eta lan-merkatuan islatzen hasi dira ".

Maeztuk azpimarratu duenez, langabeziak behera egin du seigarren hilabetez jarraian, eta pandemiaren aurreko zifretan kokatu da: "2020ko otsailean baino 78 langabe gehiago daude".

Sindikatuen adierazpenak

Azken datuak mahai gainean, mobilizazioaren beharra aldarrikatu dute ELA eta LAB sindikatuek, baita lan erreformaren indargabetzea ere. Sindikatu abertzaleak bezala, lan erreforman atzera egitea eskatu dute UGT eta CCOO sindikatuek ere.

Sektore publikoan zein pribatuan lan prekarietatearekin bukatzeko eta beharginen baldintzak duintzeko mobilizazioaren beharra nabarmendu dute ELA eta LAB sindikatuek, Euskadi Irratiak jaso duenez. Premiazkoa deritzote kaleak hartzea, arazoa agenda politikoaren erdigunean kokatzeko.

CCOO eta UGT sindikatuek Jaurlaritzari galdegin diote Europako funtsetatik jasoko duen dirua kalitatezko enplegua sortzeko erabiltzeko.

 

Albisteak (1)