18 hilabete
EITB DATA: Euskadi pandemiaren aurreko enplegu-parametroetan dago
NAIARA BALLESTEROS | EITB MEDIA
Pandemiaren 18 hilabeteetako krisi ekonomikoaren ostean, enpleguari eta langabeziari buruzko datuak aztertu ditu EITB DATAk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
18 hilabeteko pandemiaren ondoren, Euskadiko enplegua eta ekonomia 2020ko otsailaren antzera daude berriro. Hala ere, lehendik genituen urrakortasun faktoreak hor daude, emakumeen eta gazteen langabezia handiagoa edo behin-behinekotasuna, esaterako.
EITB DATAren hirugarren atalak enplegua eta langabezia aztertu ditu covid-19aren krisiaren ondorioz; izan ere, jarduera ekonomikoa eta enplegua pandemia kontrolatzeko ezarritako murrizketek baldintzatu dituzte azken 18 hilabeteetan.
Oro har, SARS-CoV-2ak eragindako krisialdia, aurrekoak ez bezala, enpleguaren suntsipen handiak eta langabeziaren gorakadak markatu dute, baina, ondoren, hobekuntza azkar bat etorri da. Enplegu-galera hori pandemiaren lehen bost hilabeteetan kontzentratu zen (2020ko apirila eta abuztua bitartean), 2020ko irailean hasi zen susperraldia, eta 2021eko maiatzetik norabide horri eutsi dio.
Hala, Euskadin langabeziak gora egin zuen 2020ko apirila eta abuztua bitartean, eta Nafarroan, 2020ko urria eta 2021eko apirila bitartean hazten jarraitu zuen, baina "muga" horietatik aurrera, langabeziak behera egin du bi erkidegoetan.
EITB DATA. Afiliazio datuak.
Oro har, covid-19aren krisiak eragin oso negatiboa izan du lan-merkatuan, eta hala erakusten dute afiliazioari, erregistratutako langabeziari eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek eragindako pertsonei buruzko datuek. Hala ere, adituen arabera, ondorioak larriagoak izango lirateke aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen "koltxoirik" gabe.
2020ko martxoa eta apirila bitartean, Gizarte Segurantzan afiliatutako bost pertsonatik bat (% 20 Euskadin eta % 21,8 Nafarroan) aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean egon zen. Estatuan, eragina zertxobait handiagoa izan zen (% 23,4).
Gainera, datu horiek behera egin dute pixkanaka, eta gaur egun (2021eko uztaila-abuztua) % 2 inguru dira Estatuan; EAEn eta Nafarroan, zertxobait gutxiago.
EITB DATA. Lan erregulazio datuak.
Hala ere, Euskadiko eta Nafarroako jarduera ekonomikoen araberako enpleguaren bilakaerak portaera desberdina izan du. Hainbat sektorek covid-19aren aurreko maila berreskuratu edo gainditu dute, besteak beste, hauek: Osasun eta Gizarte Zerbitzuak; Hezkuntza; Informazioa eta Komunikazioa; Herri Administrazioa; Jarduera profesionalak eta teknikoak; Energia eta ura; eta Eraikuntza.
Bilakaera okerragoa izan dute beste batzuek, oraindik ez baitira aurreko mailara itzuli: Lehen Sektorea; Merkataritza (handizkakoa, txikizkakoa eta ibilgailuen salmenta eta konponketa); Kirol-, arte- eta kultura-jarduerak; Finantza-jarduerak eta eta aseguruak; Ostalaritza eta Beste jarduera batzuk (pertsonalak).
Beste alor batzuek, berriz, portaera desberdinak izan dituzte Hego Euskal Herriko bi erkidegoetan. Administrazio- eta laguntza-jardueren alorrak, esaterako, susperraldia izan du Euskadin baina ez Foru Erkidegoan. Garraioak, esaterako, krisia gainditu du Euskadin, eta ez du oraindik lortu Nafarroan. Industria, aldiz, errendimendu betean dago Nafarroan, eta Euskadin oraindik ez da iritsi covid-19aren aurreko mailara.
EITB DATA. Susperraldi ekonomikoa sektoreka.
Bestalde, 2008ko krisi ekonomikoarekin alderatuz gero, ondoriozta daiteke bi atzeraldi oso desberdin izan direla, eragin desberdinekoak.
Covid-19ak eragindako krisiak 6 hilabete (Euskadi) eta 4 hilabete (Nafarroa) iraun du enplegu-suntsiketari dagokionez, eta 12 hilabete (Euskadi) eta 10 hilabete (Nafarroa) aurretiko enplegu-maila berreskuratzeko.
Bestalde, 2008ko krisi ekonomikoak 68 hilabetez suntsitu zuen enplegua Euskadin eta Nafarroan, eta 69 eta 57 hilabete, hurrenez hurren, behar izan zituzten Euskadin eta Nafarroan krisiaren aurreko enplegu-maila berreskuratzeko.
EITB DATA. Krisi ekonomikoen alderaketa.
Gizarte Segurantzaren datu ofizialen arabera, Euskadik eta Nafarroak krisiaren aurreko ia enplegu-maila bera dute, baina hainbat helburu ezarri dituzte behin-behinekotasuna hobetzeko eta langabezia murrizteko, batez ere emakumeen esparruan eta 25 urtez azpikoen eta 45 urtetik gorakoen taldeetan, bereziki horiek baitira krisialdiaren aurreko mailak gainditzen dituztenak.
EITB DATA. Enpleguaren erronkak.
Nolanahi ere, krisi honek, fenomeno global gisa, oraindik ere komunitate guztiei eragin die, baina suspertze-mailaren arabera aldatu egiten da. Hala, susperraldi handia izan duten erkidegoen artean, Murtzia, Extremadura, Kantabria, Euskadi, Gaztela-Mantxa, Nafarroa, Galizia eta Valentzia nabarmentzen dira.
Susperraldi ertaina izan dutenen artean daude Errioxa, Aragoi, Asturias, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Leon eta Madril. Kanariak eta Balearrak, berriz, susperraldi ertain-txikia izan duten erkidegoak dira.