Itxi

Argindarraren prezioa

Argindarra kudeatzeko enpresa publiko bat sortzea aldarrikatu dute pentsiodunek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak argindarraren garestitzea salatu du eta prezioaren gorakadak baliabide gutxien duten pertsonak kaltetzen dituela ohartarazi du.

Pentsiodunek Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EFE

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, ehunka lagun atera dira kalera hiriburuetan, argindarraren prezioaren gorakada salatzeko eta argindarra kudeatzeko enpresa publiko bat sortzea eskatzeko.

Bilbon, Iberdrola dorrearen parean egin dute elkarretaratzea eta ondoren manifestazioan joan dira Espainiako Gobernuak Moyua plazan duen egoitzaraino.

Andrea Uña pentsiodunen bozeramaileak azpimarratu du argindarraren, gasaren eta erregaien prezioen gorakadarekin Kontsumorako Prezioen Indizeak % 3,3ko hazkundea izan duela abuztuan.

Prezioen gorakadak baliabide gutxien duten pertsonak kaltetzen dituela eta jende asko "pobrezia energetikoan" bizi dela ohartarazi du.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak BEZa % 10era jaisteko hartu duen erabakia ez dela nahikoa adierazi du; izan ere, "neurri horrekin zergadun batek 8 eta 12 euro arteko aurrezkia izango du, baina argindarraren faktura 28 euroan garestitu da bataz beste iaztik".  

Gauzak horrela, pentsiodunen mugimenduak monopolio elektrikoarekin amaitzeko egiturazko aldaketak galdegin ditu, hala nola, argindarraren kudeatzeko enpresa publiko bat sortzea eta prezio maximoak legez mugatzea.

 

 

Albisteak (2)