Itxi

EDUKERAK FUTBOL LIGAN

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio LaLigari, eta edukierak % 60ra igo ditu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Orain arte, futbol estadioetako edukiera % 30ekoa zen. Epaiaren arabera, Jaurlaritzaren dekretua "neurrizkoa" zen, egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, baina orain "zaharkiturik" geratu da, baldintzak aldatu direlako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Espainiako Futbol Liga Profesionalari, eta edukierak % 60ra igo ditu lehen eta bigarren mailan (Santander eta Smartbank), EITB Mediak jakitera eman duenez. Orain arte, futbol estadioetako edukiera % 30ekoa zen. Aforo berriak datorren jardunalditik aurrera egongo dira indarrean, hau da, asteburu honetan bertan.

Epaiaren arabera, Jaurlaritzaren dekretua "neurrizkoa" zen, egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, baina orain "zaharkiturik" geratu da, baldintzak aldatu direlako. Araua argitaratu zen unean, intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 300 kasuren gainetik zegoen; orain, ordea, 200 kutsaturen azpitik dago.

"Neurriek izaera dinamikoa ote duten da galdera, egia esan bai, eta egoera epidemiologikoari egokitu behar zaizkio", azaldu du EAEko Auzitegi Nagusiak.

"Uste dugu Justizia Auzitegiak hartutako erabakiaren atzean arrazoi ekonomikoak daudela", adierazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Erabaki horrekin Eusko Jaurlaritzaren eta Lurralde arteko Osasun Batzordearen "gainetik" jarri dela erantsi du.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Zenbat ikusle hartu ahalko dituzte Euskadiko futbol estadioek edukieraren % 60rekin?

Futbol zelaietan edukiera finkatzea autonomia erkidegoaren eskumena dela babestu du astearte honetan Jaurlaritzak, eta, ondorioz, ez dagoela behartuta muga % 60ra zabaltzera, Lurralde arteko Osasun Batzordeak irailaren hasieran erabaki zuen bezala. Horrela argudiatu du Jaurlaritzak Euskadin futbol estadioei ezarritako edukiera muga.

Jaurlaritzak alegazioak aurkeztu ditu Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusian Espainiako Futbol Liga Profesionalak aurkeztutako helegitearen aurka, % 30eko edukiera % 60ra handitzeko egin duen eskariaren aurrean.

Jaurlaritzak, baina, edukiera finkatzeko egoera epidemiologikoa eta beste baldintza batzuk kontuan hartu behar direla uste du. Bestalde, ehuneko hori gehienezko edukiera gisa proposatzen dela iritzi dio, baina horrek ez duela esan nahi nahitaez autonomia-erkidego guztietan ezarri behar denik.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak astearte eguerdira arteko epea eman zion Jaurlaritzari, estadioetan ezarri duen edukiera muga arrazoitu zezan. Orain, argudio horiek aztertu ostean erabakiko du Futbol Liga Profesionalari kalte-ordainak eman behar zaizkion ala ez.

Irailaren 1ean, Lurraldeen arteko Osasun Batzordean, Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek aire librean egiten diren kirol ekitaldi profesionaletan edukiera % 60ra handitzea erabaki zuten. Euskadin, ordea, 5.000 pertsonatik gora biltzeko gaitasuna duten kirol instalazioetan gehienezko edukiera % 30era mugatu zuten.

Luis Angel Garrido epailea buru duen administrazioarekiko auzien aretoan aurkeztutako alegazioetan adierazten da Futbol Liga Profesionalak eskatutako edukierak ez duela "justifikaziorik": "Esaten da Lurralde arteko Osasun Batzordearen irailaren 1eko akordioan oinarritzen direla, baina ez da argudiatzen zergatik ez den ezartzen % 40, % 70 edo % 100eko kopurua".

LABIk, bere aldetik, Euskadiko egoera epidemiologiko eta osasun-egoera zehatzean oinarrituta hartu du % 30eko erabakia. Hala, Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak 887 dokumentazio-orri aurkeztu ditu alegazioak arrazoitzeko, erabakiaren arrazoiak barne.

Albisteak (2)

Bideoak (1)