Batasunaren egoera
"Europako txip ekosistema" sortzearen aldeko apustua egin du Bruselak
Agentziak | EiTB Media
EBk bere "burujabetza teknologikoan" inbertitzearen garrantzia azpimarratu du Von der Leyenek hitzaldian.
"Azken belaunaldiko txip ekosistema bat sortzeko" helburua jarri du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, "hornidura bermatzeko eta teknologia aitzindari batentzat merkatu berriak garatzeko".
Batasunaren egoera aztertzeko eztabaidan, Europako Parlamentuaren egoitzan, Estrasburgon (Frantzian), Von der Leyenek erdieroaleak hizpide izan ditu: "guztia funtzionatzea egiten duten txip ñimiño horiek".
"Ez dago sektore digitalik txipik gabe", adierazi du. Munduko ekoizpena "hola-hala" dabil funtzionatzen, "eskari handia" delako eta "eskasia" dagoelako, ohartarazi duenez.
EBk bere "burujabetza teknologikoan" inbertitzearen garrantzia nabarmendu du Von der Leyenek hitzaldian. Zentzu horretan, eraldaketa digitalean inbertsioa bikoiztea nahi du.
"Asian ekoitzitako txipen menpe gaude", deitoratu du alemaniarrak. "Ez da bakarrik lehiakortasun arazo bat, burujabetza teknologikoa baizik", azpimarratu du. Horregatik, Bruselak Txipen Europako Legea proposatuko duela aurreratu du.
Era berean, Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak asteazken honetan azaldu duenez, erdieroale "aurreratuenak" ekoizteko "megafabrikak" sortu behar dira Europar Batasunean.
Pandemia
Bestalde, pandemiei aurre egiteko agentzia berria 2027ra arte 6.000 milioi eurorekin laguntzea proposatuko du Europako Batzordeak, hau da, 1.000 milioi euro inguru urtean, osasun mehatxu berrien aurrean EB prest egoteko.
"Inongo birusik izurrite lokal bat pandemia bihurtzea eragotzi behar dugu", nabarmendu du Von der Leyenek.