Noos Auzia
Urdangarin kazetariei zuzenduko zaie hilaren 25ean, deklaratu ostean
Erredakzioa
Mario Pascual abokatuak azaldu duenez, Urdangarinek hedabideei "zerbait esango die" epailearen aurrean deklaratu ostean, baina ez duela prentsaurreko bat deituko argitu du.
Mario Pascual Vives Iñaki Urdangarinen abokatuak adierazi duenez, datorren otsailaren 25eko deklarazioaren ostean Urdangarinek hedabideei "zerbait esango" die.
Abokatuak Bartzelonan duen bulegoaren atarian zain zituen kazetariei ez die deklarazio hori zer izango den argitu, baina prentsaurreko bat ez dela izango azpimarratu du.
Iñaki Urdangarin non dagoen ez dakiela adierazi du Pascualek, eta Palmako dukearen "argibideak entzuteko zain" dagoela azaldu du.
Urdangarinek datorren otsailaren 25ean deklaratuko du Palma Arena auzia zuzentzen duen epailearen aurrean, eta gaur heldu da Madrilgo Barajas aireportura Filadelfiatik
zetorren hegaldi batean.
Mario Pascual Vives abokatuak esan duenez, Urdangarin "lasai" dago eta deklarazioaren eguna iristeko desiatzen.
Bestalde, Urdangarinen abokatuak ukatu egin du gaur hainbat hedabidetan agertu den informazioa; Palmako dukeak dirua Suitzara desbideratu duela, alegia. Dirua paradisu
fiskaletan ote duen galdetuta zera erantzun du abokatuak: "Ez dut horren berri, baina edonola ere ez dauka gure gaiarekin zerikusirik".