Itxi

Elkarrizketa

Tapiak ITP Aeroren salmentaz: "% 30 horrek erabakitzeko ahalmena izatea da gakoa"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Goizegi" dela argudiatuta, Ekonomiaren Garapenerako sailburuak ez du Jaurlaritzaren balizko parte hartzeaz eta zenbakiez hitz egin nahi izan, eta idatziz jasotako ituna betearazteaz arduratuko dela berretsi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bain inbertsio funtsak ITP Aero erosi eta biharamunean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azpimarratu du "garrantzitsuena" funtsa ez den % 30 horrek (Sapa enpresa gipuzkoarrak eta JB Capital Market funtsak osatutako industria taldea) "erabakitzeko ahalmena" izatea da bost urte barru konpainia Burtsara atera edo AEBko funtsak alde egitea erabakiko balu.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Tapiak esan du Jaurlaritza bere balizko parte hartzearen "zehatz eta sakon aztertzen"egiten ari dela, eta "goizegi" delakoan, ez du ehunekoen edota kopuruen inguruan hitz egin nahi izan. Halaber, hainbat gai (egoitza eta enpleguari heltzeko konpromisoa, adibidez) "idatziz" jasota daudela eta horiek guztiak betearazteaz arduratuko direla berretsi du. 

Tapiaren esanetan, atzo emandakoa "lehen pausoa baino ez da enpresa horren bilakaeran. 2022ko ekainera arte badago denbora" bazkide industrial gehiago topatzeko edota Jaurlaritzaren parte hartzea zehazteko. "Lan handia dago egiteko, eta Finantzen Kontseiluak asko du aztertzeko. Auzia ez da zenbat diru jarriko dugun, baizik eta zertarako eta zein baldintzatan", gaineratu du.

Tubacexeko gatazka ahotan, eta enpresa batzordeak Jaurlaritzaren proposamena baztertu ostean, Tapia "itxaropentsu" agertu da eta bi aldeek "akordiorako borondatea" duten aldetik, adostasunera helduko direla uste du; izan ere, zazpi hilabeteko greba "ez da egoerarik onena" ez zuzendaritzarentzat ez langileentzat. "Jaurlaritzak hor jarraitzen du. Zuhurrak izan behar dugu, baina seguru nago akordioa lortu nahi dutela eta lortu daitekeela", azaldu du.

Azkenik, sindikatuek, patronalak eta Espainiako Gobernuak bart aldi baterako lan erregulazioak luzatzeko aurreakordioa lortu izana "albiste ona" dela adierazi du Tapiak, "unerik latzenetik ateratzen ari den ekonomiari" lagunduko diolakoan. Sailburuaren arabera, "dinamismo gehiago" ikus daiteke orain, eta atzerriko inbertsioak hazi egin direla azpimarratu du: "2020an 31 enpresa edo proiektu Euskadira etortzea lortu genuen... Datu esanguratsua da, nire ustez. Gainera, 2021eko lehen seihilekoan, % 100 hazi gara eta atzerriko inbertsioak bikoiztu egin dira. Euskadi erakargarria da atzerriko enpresentzat, eta ez dut nik esaten, Financial Times-ek esan du".

Albisteak (4)

Bideoak (1)