Abiadura handiko trena
Bilboko Udalak AHTaren behin-behineko geltoki bat onartuko luke, lurpeko proiektuan aurrera egiten bada
Agentziak | EITB MEDIA
Asier Abaunza zinegotziak azpimarratu du Abandoko geltokiaren behin betiko proiektuari heltzea dela bere asmoa, baina "bitarteko faseak" onartuko lituzkeela. Oposizioak atzerapenak kritikatu ditu.
Asier Abaunza Bilboko Udaleko Lanen, Hiri Planifikazioaren eta Proiektu Estrategikoen zinegotziak azpimarratu duenez, udal gobernuak (EAJk eta PSE-EEk osatutakoa) "% 100eko konpromisoa" du Abiadura Handiko Trena (AHTa) hiribildura heltzeko eta Abandon lurpeko geltokia izateko. Dena dela, aitortu du Udalak behin-behineko konponbide bat onartuko lukeela horrek lur azpiko proiektuan aurrera egitea badakar.
Abaunza udal batzorde batean agerraldia egin du, PPk eskatuta, AHTaren inguruan argibideak emateko.
Argitu duenez, "erdibideko faseez" hitz egiteko prest dago udal gobernua, eta behin-behineko geltoki bati ez lioke ezezkoa emango, "Abandon lurpeko geltoki bat eraikitzeko lanen faseetako bat bada, eta lanok azkartzeko balio badu". Abaunzaren ustez, baina, "behin-behinekotasuna ezin da luzatu", eta ezin da gehiago garestitu.
Horren hitzetan, hiribilduko beste obra batzuetan egiten den bezalaxe egingo litzateke oraingo honetan: "Adibidez, kale bateko zirkulazioa beste batera bideratzen denean, behin-behinean, kale horretan lanak egiten dituzten bitartean".
Hori bai, zehaztapena egin du Udalak: "Ez dugu behin-behineko geltoki baten inguruan hitz egingo ez bada Abandoko geltokiaren behin betiko proiektuaz hitz egiten".
Informazio txostenaren zain
Lanak behin eta berriz atzeratzen direla salatu du oposizioak eta horren aurrean EAJko zinegotziak nabarmendu du "etenik gabe" lan egingo dutela "epeak ahalik eta gehien laburtzeko".
Hala, azaldu du proiektuaren informazio azterlana falta dela, baita ingurumenean izan lukeen eraginaren ingurukoa ere (datozen hilabeteetan bukatuko omen dituzte). Ondoren, proiektua bi norabidetan zatituko dute: Udalak Abandoren hirigintza ordenaren plan berezia gauzatuko du, eta Espainiako Gobernuak lurpeko geltokia altxatzeko proiektua esleituko du.
Oposizioa, kritiko
Azalpenon aurrean kritiko azaldu da oposizioa. Jone Goirizelaia EH Bilduko zinegotziak kritikatu du oraindik ez dakitela "noiz inauguratuko" duten "Euskal Y"a, "heltzen bada behintzat, nola helduko den ere ez dakigu", salatu du. Horrez gain, behin-behineko geltoki hori behin betiko bihurtzearen arriskuaz ere ohartarazi du.
Ana Viñals Elkarrekin Podemosen zinegotziak, bestalde, gogorarazi du koalizioa AHTarekiko kritikoa dela, baina era berean, Bilbo Zaharra eta Zabalako bizilagunentzat ahalik eta proiektu erabilgarriena garatzeko beharra azpimarratu du, "Zabalako lubakia behin betiko kenduta", erantsi du.
Azkenik, Carlos Garcia PPko ordezkariak "etsituta" dagoela aitortu du, espero zuelako lurpeko geltokia egiteko data zehatza izango zutela. "20 urte baino gehiago daramatza martxan proiektu honek", salatu du.