Itxi

Lan-gatazka

Tubacexeko enpresa batzordea eta zuzendaritza akordiotik gertu daude

EITB Media

Enpresa batzordeak bidalitako azken proposamena onartu du Tubacexeko zuzendaritzak, baina oraindik aurreakordioa da, bi aldeen sinadura falta baita.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Tubacexeko zuzendaritza eta enpresa batzordea aurreakordio batetik gero eta gertuago daude, EITB Mediak jakin duenez. Enpresa batzordeak bidalitako azken proposamena onartu du Tubacexeko zuzendaritzak, baina oraindik aurreakordioa da, bi aldeen sinadura falta baita.

Laudioko eta Amurrioko lantegietan 10 milioi euro aurreztu ahal izateko, hainbat neurri biltzen dira proposamenean. Bi lantegi horiek hartzekodunen konkurtsoan leudeke, Tubacex taldeko gainerako lantegiei esker ez balitz.

Batzordeak proposatutako neurrien artean, irteera boluntarioak, soldatak izoztea edota EPSVak murriztea aurreikusten da; ez, ordea, kaleratzarik.

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak bilera batera deitu ditu bihar Tubacexeko zuzendaritza eta enpresa batzordea, Arabako enpresako gatazka amaitzeko akordioa ixteko, negoziazioan parte hartu duten iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Akordioa sinatuko balitz, berehala geratuko litzateke bertan behera greba mugagabea 231 egunen ondotik.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak aurre-akordio hori berrestea oso albiste ona izango litzatekeela esan dute. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, "albiste positiboa izango litzateke langileentzat eta Euskadirentzat, Arabarentzat eta Aiaralderako hain garrantzitsua den jarduera industrialari eutsiko liokeelako".

Zupiriak esan du ez duela zuzenean jakin ituna egin denik, baina Eusko Jaurlaritzak elkarrizketaren aldeko eta bi aldeen arteko akordioak lortzeko apustua egin duela esan du.

Bestalde, Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu du konponbidea adostea "etorkizunean enpresaren jarduera eta langileen lanpostuak babesteko modu bakarra" dela.

"Akordioa berretsiz gero, aparteko albistea litzateke, eta eskatzen genuen elkarrizketari erantzuten dio", gaineratu du.

Pascal Gomez SEA Arabako Enpresen Elkarteko presidenteak "zuhurtzia handia" eskatu du egiten ari diren negoziazioen aurrean, eta "lan egiten uzteko" eskatu du, zazpi hilabeteko gatazkaren ostean, "akordio garrantzitsua delako probintziarentzat, enpresarentzat eta langileentzat".

Azkenik, LAB Tubacexek Twitter sare sozialean azaldu duenez, ez dute aurreakordioaren berririk. Tubacex Borrokan mugimenduak ere antzeko zerbait plazaratu du:

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)