Itxi

Lan-gatazka

Tubacexeko zuzendaritzak eta sindikatuek akordioa lortu dute 7 hilabeteko grebaren ostean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Grebari amaiera emateko proposamena onartu du enpresa-batzordearen gehiengoak, baina langileek akordioa berretsi beharko dute. Zuzendaritza pozik azaldu da akordioarekin, etorkizunean "kostuak aurrezteko" aukera ematen duelako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Tubacexeko zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak akordioa itxi dute, lan-gatazka luzeari amaiera emateko; izan ere, Laudioko eta Amurriko lantegietako beharginek 232 egun eman dituzte greban, Radio Euskadik aurreratu duenez.

Bilera Gasteizen egin dute, zuzendaritzak batzordeak aurkeztutako azken proposamena onartu ondoren.

Zazpi hilabeteko grebari amaiera emateko proposamena onartu du Tubacexeko enpresa-batzordearen gehiengoak, baina langileek akordioa berretsi beharko dute.

Beharginen ordezkariek Jaurlaritzaren proposamena onartu dute, "sindikatu ezberdinek berresteko parametroak betetzen dituelako".

Batzordeak jakitera eman duenez, proposamenarekin zuzendaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean aurkeztutako helegitea atzera botako du, beraz, lan erregulazioko txostenaren "arrazoiek justifikaziorik ez zutela onartu dute".

Kaleratze guztiak bertan behera geratu eta 2024ra arte enplegua eta inbertsioak bermatuko dira, murrizketa batzuen truke, "denbora epe zehatz batean".

Tubacexeko zuzendaritza pozik azaldu da akordioarekin, etorkizunean "kostuak aurrezteko" aukera ematen duelako. Itunaren berri eman ondoren, konpainiako iturriek "balorazio oso positiboa" egin dute. "Lantegien etorkizunerako beharrezkoak diren kostuak aurreztea posible izango da", laburbildu du.

Proposamena afiliatuen batzarrera eramango du ELAk, akordioak sindikatuen eskakizunak jasotzen dituela iritzita, eta konpainian kaleratzerik ez egotea aintzat hartu du.

Ostegun honetako bileran, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak beste proposamen bat egin du, aurrekoarekin alderatuta, "kaleratze traumatikoak kanpoan utziz", azaldu du sindikatu abertzaleak ohar batean. "Proposamenak planteatzen dituen neurriak datozen hiru urteetarako dira, eta horiek bukatzean eskubide guztiak berreskuratuko lirateke", zehaztu du.

Aurreakordioa baloratu du CCOO Euskadik, "enpresari bideragarritasuna ematen" diolako, baita Aiaraldea eskualdeari ere, "neurri traumatikorik pairatu gabe".

CCOOren hitzetan, sindikatuak hasieratik izan duen jarrera "erabakigarria izan da oinarrizko akordioa ixteko, langileek berresteko zain".

LABek ez du akordioa sinatu

LABek ez du aurreakordioa sinatu, afiliatuek bozkatu behar dutelako. Haiek erabakiko dute sindikatu abertzalearen jarrera akordioaren aurrean.

Ohar batean, oinarrizko akordioak kaleratzerik jasotzen ez duela ospatu du sindikatu abertzaleak. "Bakarrik Tubacexeko langileen ausardiaren eta borrokaren, beharginen eta batzordearen arteko batasunaren emaitza da garaipena, baita Aiaraldearen eta langileriaren babesarena ere", nabarmendu du.

"Zazpi hileko borrokaren ostean, enpresak amore eman behar izan du, eta kaleratzeei uko egin behar izan die", azpimarratu du LABek.

Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea "pozik" agertu da oinarrizko akordioarekin, "orain arte adostutako baldintzak eta enplegua mantentzea bermatzen duelako". "Irtenbiderik onena bi aldeek adostutako da", azpimarratu du.

Bilera amaitu ondoren adierazi duenez, "Lan eta Enplegu Sailak gaurkoa egun ona dela uste du, Tubacexeko zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen artean adostasunera heltzea lortu dugulako, bi aldeek espero zuten konponbidea da, baina batez ere beharginek, inguruko industriak eta Aiaraldeako herritarrek".

"Gure aldetik, gaur sinatutako aurreakordioaren edukiak ez ditugu baloratuko, bi aldeetako jarreren laburpen bat delako. Hori izan da gure lana: irtenbide adosturako baldintzak erraztea", ziurtatu du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)