Itxi

LAN GATAZKA

Astelehen honetan erabakiko du Tubacexeko enpresa batzordeak plantilla guztiak bozkatuko duen akordioa ala ez

E. J. | EITB MEDIA

Langile batzordean ordezkaritza duten sindikatuetako afiliatuek ostiralean bozkatu zuten eta baiezkoa atera zen. Baietzak boto bategatik irabazi zuelako, baina, CCOOk plantilla osoak bozka zezala eskatu zuen.

Tubacexeko langileak, 235 egun daramatzatenak greban, protesta batean. Argazkia: EFE

Tubacexeko enpresa batzordeak astelehen honetan erabakiko du Laudioko eta Amurrioko plantetako langile guztiak (750) deitzen dituen zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa bozkatzera, ostiralean batzordearen gehiengoak akordioaren aldeko botoa eman eta gero.

Enpresa batzordea ELAko 4 ordezkarik, STATeko beste 4k, CCOOren 3k, LABeko 1ek eta ATAL sindikatu independenteko 1ek osatzen dute eta ELArena da presidentzia.

Ostiralean, sindikatu horietan afiliatuta dauden langileek bozkatu zuten arreakordioa. ELAko zein CCOOeko afiliatuek babesa eman zioten (7) baina STATeko, LABeko eta ATALeko afiliatuek ezezkoa bozkatu zuten (6). Deigarria izan zen STATeko delegatuak akordioaren alde bazeuden ere, afiliatuek ezezkoa botoa eman zutela, eta ondorioz, delegatu horiek akordioaren kontra bozkatu zuten batzordearen bozketan.

Emaitzak jakin zirenean, eta boto bakarreko aldea zegoela ikusita, CCOOk Laudioko eta Amurrioko plantetako langile guztiek bozka zezatela eskatu zuen, eta enpresa batzordeak horren inguruko erabakia hartu beharko du astelehen honetan.

Sinatuz gero, akordioak amaiera emango lioke 7 hilabetez luzatu den greba mugagabeari.

Akordioaren gakoak eta gatazka iturriak

Akordioa onartuz gero kaleratze guztiak ezeztatuko lirateke — EAEko Auzitegi Nagusian irabazia zuten hori langileek baina enpresak ez zuen onartzen eta Auzitegi Gorenera jo zuen —, eta enplegua nahiz inbertsioak bermatuko lirateke 2024 urtera arte.

Aitzitik, langileek 40 ordu gehiagoko urteko lanaldia izango lukete, 2025 arte izoztuta izango lukete soldata eta langileen erretiroetarako BGAEari egiten zaion ekarpena % 4tik % 1era jaitsiko litzateke.

Albisteak (4)