ELKARRIZKETA
Mitxel Lakuntza, Tubacexeko aurreakordioari buruz: "Enpresa batzordean lorturiko gehiengoa nahikoa da"
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
ELAko idazkari nagusiaren esanetan, Tubacexeko enpresa batzordeak eta zuzendaritzak erdietsitako akordioa bere horretan berretsi beharko litzateke, langile guztiei galdetu gabe.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak bere onespena eman dio Tubacexeko enpresa batzordeak ostiralean hartutako erabakiari. Sindikatuek zuzendaritzarekin lorturiko aurreakordioari babesa eman zion enpresa batzordeak bilera hartan, boto bakar baten aldearekin izan bazen ere (zazpi alde, sei aurka). Ildo horretan, enpresa batzordean lorturiko gehiengoa nahikoa dela aldarrikatu du Lakuntzak. ELAren ustez, enpresak eta sindikatuek erdietsitako akordioa bere horretan berretsi beharko litzateke, langile guztiei galdetu gabe, adostutako prozeduran jasotzen den bezala. CCOO sindikatuak, bere aldetik, langile guztiei bozkatzeko aukera ematea defendatu du.
Tubacex enpresan lorturikoa goraipatu du, besteak beste, 129 langileren kaleratzea saihestu delako. Halaber, azpimarratu egin du enpresak lan-erregulazioko espedientea baliogabe jo zuen epaiaren kontra helegitea aurkezteari uko egitea. Halaber, lorpen ona dela uste du langile ororentzat, beste enpresa batzuetan ere eragina izango duelako etorkizunean espedientean aurkezterakoan.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, akordioaren alde ilunez ere hitz egin du Lakuntzak, besteak beste, soldatak hiru urtez izozteaz edota lanaldia luzatzeaz (40 ordu gehiago urtean). Horren harira, enpresaren koherentzia falta kritikatu du: "Egun batean 129 langile soberan dituela esaten du, eta hurrengo egunean lanaldia luzatu nahi du". Dena den, "ordainek" denbora-muga bat izango dutela gehitu du; soldatak hiru urtez izoztuko dira, baina soldatak murriztea saihestu da.
Donostiako Txara I egoitzako irregulartasunen inguruan galdetuta Lakuntzak salatu duenez, "ez da salbuespena, gauza orokorra" da. ELAko burua harago doa: "Diru publikoarekin egoitzak azpikontratatzen dituen eredu batek huts egiten du hemen". ELAk premiazko bilera eskatu dio Eider Mendoza diputatuari, baina oraingoz ez du erantzunik jaso.