GIPUZKOA
Aurten Gipuzkoako ekonomia % 6 inguru haziko dela aurreikusi du Adegik
O. A. | EITB MEDIA
Halaber, 3.000 eta 4.000 lanpostu artean sortuko direla espero du Gipuzkoako enpresarioen elkarteak. Hala ere, enpresen artean gora egin du kezkak lehengaien hornikuntzagatik, kostuengatik eta marjinengatik
Gipuzkoako ekonomia % 6 eta % 6,5 artean haziko da aurten eta epe berean 3.000 eta 4.000 lanpostu artean sortzea aurreikusi du Adegi Gipuzkoako enpresarioen elkarteak. Adegik egin duen azken inkestan, enpresa gehienek adierazi dute igo egin direla konfiantza, salmentak eta eskaerak eta beren asmoa plantilla handitzea edo mantentzea dela. Aitzitik, lehengaien hornikuntzarekin eta kostuekin eta marjinen jaitsierarekin lotutako kezkak gora egin du.
Donostian egindako prentsaurrekoan, Eduardo Junkera Adegiko presidenteak eta Jose Miguel Ayerza zuzendari nagusiak ekonomiaren egoerari buruzko azken inkestaren berri eman dute.
Enpresen % 21,5ek Adegiri adierazi diote enplegu maila handitzea aurreikusi dutela, % 68k mantentzea eta % 10,5ek, murriztea.
Merkatuaren egoerari dagokionez, galdetutako enpresen % 84k uste dute merkatuaren egoera berraktibaziokoa (% 55) edo normaltasunekoa (% 29)edo dela. Aitzitik, enpresen % 16k uste du merkatuaren egoera atzeraldikoa dela.
Enpresen % 44k beren salmentak handitzea lortu dute aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Aldiz, % 18k salmenten jaitsiera izan dute.
Eskarien maila % 2,1 hazi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta eta enpresen % 72,5ek dio bere eskari maila normala edo altua duela.
Salmenten errentagarritasunak behera egin du aurreko urtearekin alderatuta hamar enpresetatik laurentzat eta horien irabazi marjinak % 11,5 inguru murriztu dira.
Bestalde, Adegiren inkestan agerian utzi duenez, sektorea kezkatuta dago lehengaien hornikuntzagatik eta prezioen garestitzeagatik, besteak beste. Iazko datuekin alderatuta, azken hiru hilabeteetan batez beste % 15 inguru hazi dira hornikuntza kostuak enpresen % 68,5entzat: % 20 industrian, % 30 metalurgian eta produktu metalikoetan eta % 27,5 metalezkoak ez direnetan. Eraikuntza sektorean igoera % 10,5 ingurukoa da eta % 4koa zerbitzuetan.
Amaitzeko, hamar enpresetatik bederatzik uste dute pandemiaren ondorioetatik errekuperatuko direla urtebetean baino gutxiagoan.