Itxi

Elkarrizketa

Aranburuk, Sidenorren geldialdiaz: "Langileak erabiltzen ari dira beste helburu batzuetarako"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hezkuntza legearen erreformaz galdetuta, LABen jarrera zein den zehaztu du idazkari nagusiak. "Eskola publiko komunitario baten alde gaude, bi sareen sistema bertan behera utzita".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak uste du Sidenor "langileak erabiltzen" ari dela "beste helburu batzuetarako", eta horrenbestez, zalantzan jarri du enpresak geldialdia justifikatzeko erabili duen argudioa (argindarraren garestitze "neurrigabea"). Sindikalistaren hitzetan, aurrekontuen negoziazioa ere hor dago, eta baliteke interes politikoak egotea atzean, "EAEko kapitala beste eremu batean jartzeko edo", iradoki du. Dena dela, auzia sakon aztertuko dutela iragarri du.

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Aranburuk "informazio falta" dagoela esan du Sidenorrek geldialdia egiteko dituen "benetako arrazoiez"; izan ere, bere ustean, "azken urteetan izan dituen etekinekin, eta gaur egun duen lan kargarekin egoera horri aurre egiteko moduan dago enpresa. Beste behin, langileek ordaintzea nahi da, gainera, kasu honetan, bi aldiz ordainaraztea nahi dute". 

Euskal alderdiak negoziatzen ari diren hezkuntza lege berriaz ere mintzatu da LABeko sindikalista. Nabarmendu duenez, "garrantzitsua" hezkuntzaren alorrean alderdiak ados jartzea, baina akordioa "hezkuntza komunitate guztira zabaldu" behar dela ohartarazi du; "aurrekontuan ez zen halakorik izan", kritikatu du.

Horren ildoan, LABen duen jarrera zehaztu du. "Eskola publiko komunitario baten alde gaude, bi sareen sistema bertan behera utziko duena", aldarrikatu du. Aitortu du, dena den, sare bakarra egiteko bidea "urratsez urrats" egin behar dela, eta itunpekoen kasuan, baldintza batzuk ezarri behar direla, besteak beste, "doakotasuna eta euskalduntzea bermatzea eta segregazioa saihestea".

Argindarraren garestitzeak eta energia menpekotasunak susperraldi ekonomikoari kalte egin ote diezaioketen itaunduta, Aranburuk uste du auzia "beste ikuspuntu batetik" aztertu behar dela, eta energia sektorean pribatizazioa salatu du, baita enpresa elektrikoek duten "harrokeria" ere. "Banpiro hutsak dira, jendearen eta langileen kontura aberastu nahi dira", erantsi du.

Azkenik, greba orokorra udazkenean deitu behar dela uste du LABek, "pandemiaren ostean erasoaren bidea berreskuratu" behar delako. Dena dela, aitortu du hori adostu beharrekoa dela, eta horretan ari direla gaineratu du. "ELAri dagokio deialdiaren data zehaztea", adierazi du.

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)