Energiaren prezioa
EAEko patronalek Espainiako Gobernuari eskatu diote energiaren prezioaren dekretua birpentsatu dezala
Agentziak | Eitb Media
Confebaskek eta Adegi, Cebek eta Sea lurraldeetako elkarteek, lege-dekretu horrek industrian "ondorio oso negatiboak" izango dituela ohartarazi dute.
Confebaskek eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako patronalek Espainiako Gobernuari adierazi diote ez daudela ados energiaren prezioaren igoera arintzeko premiazko neurrien dekretuaren, eta hura birpentsatzeko eskatu diote, euskal industrian eragin "oso negatiboak" izango dituelako.
Confebaskek eta Adegi, Cebek eta SEA lurralde elkarteek gutun bat bidali diote Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministro eta hirugarren presidenteordeari, lege-dekretu hori onartzeak euskal industriarentzat izango dituen ondorio "oso negatiboez" ohartarazteko.
Gutun horretan, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak, Eduardo Junkera ADEGIko presidenteak, Carolina Perez Toledo Cebekeko presidenteak eta Pascal Gomez SEAkoak "neurri horren aurkako jarrera" azaldu diote hirugarren presidenteordeari.
Riberari gogorarazi diotenez, "energiaren kostua funtsezko faktorea da euskal enpresen lehiakortasunerako eta bideragarritasunerako". Hori dela eta, energia elektriko ez-igorle guztiei gasaren kostuaren igoeraren araberako tasa berri bat ezartzeak, euskal enpresetako "elektrizitate kostuetan eragin oso negatiboa" izango duela uste dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko lau patronalentzat "tasa berri horrek errotik aldatzen ditu joko-arauak, eta enpresek dagoeneko sinatuta dituzten kontratuei eragiten diete, egungo merkatukoak baino tarifa merkeagoak izanik batzuetan, bai eta elektrizitatearen etorkizuneko kontratazioei ere, prezioen hegakortasunaren menpe egongo direnak".
"Horrek guztiak aurretik zeuden joko-arauak aldatzea esan nahi du", azpimarratu dute.
Confebask, Adegi, Cebek eta SEAko ordezkari gorenek ondorioztatu dutenez, "Euskadiko enpresek, gaur egun, inoiz baino gehiago, erregulazio-ingurune egonkor eta ezagun bat behar dute, are gehiago pandemiaren ondorioz ekonomia suspertzen hasi den une honetan".