Elektrizitatearen prezioa
ArcelorMittalek geldialdiak egingo ditu Europako hainbat lantegitan argindarraren prezioaren gorakadagatik
EITB MEDIA
ArcelorMittalek lau fabrika ditu Euskal Herrian, baina neurria Olaberriko eta Bergarako lantegietan ezarriko lukete. Nolanahi ere, zuzendaritzak oraindik ez du jakinarazpen ofizialik egin.
ArcelorMittalek geldialdi partzialak egingo ditu Europan dituen hainbat lantegitan, argindarraren prezioaren gorakadaren ondorioz, Financial Times egunkariak iragarri eta EITB Mediak baieztatu duenez.
ArcelorMittalek lau ekoizpen fabrika ditu Euskal Herrian: bi Bizkaian, Sestaon (205 langile) eta Etxebarrin (340 langile); eta bi Gipuzkoan, Bergaran (150 langile) eta Olaberrian (425 langile). Halaber, beste hainbat banaketa zentro ere baditu herrialdean zehar.
Alabaina, aldizkako etenaldiak produktu luzeak ekoizten dituzten altzairutegietan soilik egingo omen dituzte, eta, ondorioz, neurri horrek Olaberriko eta Bergarako lantegietan izango luke eragina.
Edonola ere, zuzendaritzak oraindik ez du bere asmoen berri ofizialik eman.
Sidenorrek joan den astelehenean erabaki zuen etenaldi partzialak egitea argindarraren etengabeko garestitzeari aurre egiteko.
Altzairutegiak Basauriko lantegian geldialdiak egingo ditu abenduaren 31ra arte, "elektrizitatearen prezioa gehiegizkoa" dela iritzita.