Itxi

Elkarrizketa

Eduardo Zubiaurre: "Energiaren lege dekretuak efektu katastrofikoa izan du industrian"

EITB Media

Leer en Castellano

Confebaskeko presidenteak adierazi du euskal ekonomia moteltzen ari dela, besteak beste, energiaren prezioarengatik eta osagarri faltagatik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak azpimarratu duenez, "euskal ekonomia, mundu osokoa bezala, moteltzen ari da", besteak beste energiaren prezioaren gorakadarengatik eta ekoizpenerako osagarrien faltagatik. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu du industriak "epe ertain eta luzerako kontratuak eta prezio nahiko egonkorrak" zituela argindar konpainiekin, eta hori guztia "behera etorri" dela energiaren lege dekretuarekin; "efektu katastrofikoa izan du industrian", adierazi du. 

Izan ere, Zubiarrek esan duenez, lege dekretu horren ondorioz "argindar konpainiek ezin izan diete eutsi prezio finkoetako kontratuei". Edonola ere, Zubiaurre itxaropentsu agertu da Espainiako Gobernuak lege dekretu horretan egin ditzakeen aldaketekin. Hain zuzen ere, Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko ministro Teresa Ribera, "Eusko Jaurlaritzak egin dizkion proposamenekin harbera agertu da". 

Lan erreformaren legearen indargabetzeari buruz galdetuta, Zubiaurrek azaldu du EAEko sektore pribatuan, behin-behinekotasun maila Europakoaren parekoa dela ia "10 langiletik ia 8 kontratu mugagabearekin ari dira", are, esan du "kontratu mugagabeen marka historikoa hautsi" dela. 

Pentsioen erreformari dagokionez, bestalde, ohartarazi du ez direla haiek jasangarri egiteko erabakiak hartzen ari, eta gogorarazi du "datorren urtean 30.000 milioi inguruko defizita" egongo dela pentsioetan, eta "defizit orokorra 90.000 milioikoa" dela. Bere ustez, jendearen gustukoak ez diren neurriak hartu beharko dira, "jubilazio adina atzeratzea eta kopuruak doitzea", besteak beste. 

Ekonomia gaiez gain, atzo, urriak 18, EH Bilduk eta Sortuk egindako adierazpenaz galdetuta, esan du faltan bota duela "gutxieneko balorazio kritiko" bat. Zubiaurrek gogorarazi du enpresen arloa ETAren jomuga izan zela sarri eta, bere ustez, "irmotasun, koherentzia, aitorpena eta gaitzespen askoz ere argiagoak behar dira"

Azpimarratu du asko izan zirela eraildako, estortsioa egindako eta bahitutako enpresariak eta ETAren amaierak "arnas eman zuen", are, azken urteetan "bereziki krudelak" izan zirela kontuan hartuta. ETAren amaierak "zalantzarik gabe" euskal ekonomia loratzea ahalbidetu du bere ustez. 

Albisteak (3)

Bideoak (1)