Elkarrizketa
Petronorrek ez ditu geldialdiak egingo energiaren garestitzea dela eta
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Konpainiako Antolaketa eta Harreman instituzionalen zuzendariak aitortu duenez, 2019ko maila berreskuratu dute ia eta aldi baterako erregulazio espedientea "ahaztuta" dago. Aurreikuspenak "nahiko onak" dira, horren esanetan.
Jose Ignacio Zudaire Petronorren Antolaketa eta Harreman instituzionalen zuzendariak adierazi duenez, konpainiak ez ditu geldialdiak egingo energiaren garestitzea dela eta, energiaren kostua euren ustiapen kontuaren % 70 bada ere. Izan ere, aitortu du 2019ko maila berreskuratu dutela ia eta aldi baterako enplegu erregulazio espedientea "ahaztuta" dagoela. Aurreikuspenak "nahiko onak" dira, Zudaireren esanetan.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Zudairek azaldu du konpainia "mugikortasunaren menpe" dagoela. "Mundua mugitzen bada, autoz mugitzen bada, guretzat funtzionatzeko unea da. Mugikortasuna berreskuratu egin da, ez 2019ko mailan, baina modu nabarmenean berreskuratu da", argitu du.
Petronorren zuzendaritza taldeko kideak Hidrogenoaren Euskal Korridorearen proiektua ere izan du ahotan. Esan duenez, "goiz jaio zen" eta, horri esker, "proiektu heldu eta lehiakorra" da gaur egun Europa mailan. "Txapeldunen Ligan gaude, Europako taldeen mailan (...) Lehiakide handiak ditugu, Alemania esaterako, baina azken kanporaketetara helduko gara ziur", azpimarratu du futboleko metafora baliatuta. Ildo horretan, Europako errekuperazio funtsek proiektua "bizkortuko" dutela iragarri du, eta konpainiak zituen helburuak lehenago erdiesten lagunduko dutela, "2030ean lortuko ditugu", argitu du.
Ildo horretan, Zudairek nabarmendu du konpainia beste proiektu batzuen alde ari dela, erregai fosilen sektorearen "gainbehera" konpentsatzeko. Hala, "bai ala bai galduko ditugun lanpostu horiek beste proiektu batzuetara bideratuko ditugu. Helburua da Petronorren ditugun pertsonei heltzea. Gehiago haztea? Bada lehen urteetan konplikatua izango da", aitortu du.
Azkenik, erakundeei "neutraltasun teknologikoa" babesteko eskatu die, ez bakarrik "elektrifikazioa". Bestalde, eta erregaia darabilten autoen amaierari buruz galdetuta, Zudairek erantzun du arazoa ez direla mota horretako autoak, "erregaia baizik". Argudiatu duenez, "ez dugu errekuntzako motorra hil behar: gasolina bota beharrean, Co2a baitu, bota diezaiogun bioerregaia edo zero isuridun erregai sintetikoa. Horrela auto bera edukiko duzu baina 0 isurpenekin".