Krisia
Nafarroako ekonomia "normaltasunera" bidean da, baina susperraldia ez da homogeneoa
agentziak | eitb media
Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialerako kontseilariak esan du "lehenengo bagoian" daudela, "baina ez abangoardian".
Nafarroako ekonomia "susperraldira bidean" dago, baina itzalekin, hobekuntza ez baita homogeneoa, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ohartarazi duenez. Horixe berretsi du Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialerako kontseilariak ere, eta gaineratu "lehenengo bagoian" daudela, "baina ez abangoardian".
Adierazpen horiek egin dituzte gaur Iruñean, Laboral Kutxaren txostenaren aurkezpenean, egindako agerraldian. Txosten horren arabera, Nafarroako Barne Produktu Gordina % 6,7 haziko da 2022an (Espainiako Estatuan % 6,5ekoa izango da hazkundea), eta % 6,4 aurten.
Gainera, enpleguak ere gora egingo du, % 4,2 aurten, eta % 4,8 datorren urtean. Prezioei dagokienez, gorakada % 2,3koa izango da aurten, eta % 1,5ekoa 2022an, aurreikuspenen arabera, adierazi du Joseba Madariaga Laboral Kutxaren Ikerketa Saileko zuzendariak, Nafarroako ekonomiaren azken hilabeteetako eta etorkizuneko irakurketa egin duenak.
Testuinguru horretan, eskariaren gorakadaren aurrean, "eskaintza negatiboaren shocka"z ohartarazi du, eskulanaren eskaintzak behera egin duela migrazioaren geldialdiagatik eta herritarren zahartzeagatik.
Madariagaren arabera, osasun egoera ia bere onera etorri da, eta ekonomia oraindik suspertze prozesuan dago, baina arazoekin, hornidura falta (Volkswagen Nafarroako fabrika nagusian, adibidez) eta argindarraren garestitzea kasu.
Hala ere, Nafarroan susperraldia, BPGan, enpleguan eta industria ekoizpenean, Estatuan baino hobea dela azpimarratu du.
Javier Cortajarena Laboral Kutxaren lurraldeko zuzendariak ere hartu du hitza ekitaldian, eta hornidurarekin dagoen arazoak "luze" iraun dezakeela ohartarazi du. Horrekin batera, oinarrizko produktuak "nabarmen garestitu" direla aipatu, baina Next Generationen funts europarrek aukera bat emango dutela goraipatu du.
Hori horrela, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aitortu du "errealitatea" dela susperraldia, hori diotela datuek, nahiz eta ez den "homogeneoa edo arriskuetatik kanpo dagoena".
Mikel Irujo Garapen Ekonomikorako eta Enpresarialeko kontseilariak, berriz, baikortasun erlatiboa agertu du: "Lehenengo bagoian gaude, baina ez abangoardian". Horregatik azaldu du krisi energetikoagatik enpresei laguntzeko txoke plana horretara bideratuko dutela.