Itxi

Etxebizitza Legea

Zeintzuk dira Etxebizitza Lege berriaren gakoak?

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak onartu duen Etxebizitzarako Eskubidearen Lege aurreproiektuak alokairurako prezio eta baldintzak arautuko ditu, besteak beste.

Emakume bat higiezin-agentzia baten aurretik igarotzen. EFE

Espainiko Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu duen Etxebizitzarako Eskubidearen Lege aurreproiektuak arau berriak ezarriko ditu etxebizitzen alokairurako. Berritasunen artean, esaterako, autonomia erkidegoei eskumena emango die eremu tenkatuetan alokairuen prezioak mugatzeko jabetzan hamar etxebizitza baino gehiago dituzten pertsona juridikoei (enpresa eta erakundeak). 

Eremu horietako gainerako etxejabeei prezioak gehienez ere aurreko kontratuaren errenta % 10 igotzea baimenduko zaie. Hori bai, azken bi urteetan birgaitze lanak,  hobekuntza energetikora bideratutakoak edo irisgarritasuna hobetzeko obrak egin izana frogatu beharko dut. 

Errentei eusteko neurri gisa, testuak % 50eko hobari orokorra ezartzen du kontratu berrientzat errentatzaileen PFEZean; hobari hori aldatu egingo da hainbat irizpideren arabera, eta gehienez ere % 90era artekoa izango da beren alokairuen prezioa % 5 jaisten dutenentzat.

Etxebizitza hutsak merkaturatzeko helburuari erantzunez, udalei aukera ematen die OHZren kuota likidoaren % 150erainoko errekargua aplikatzeko bi urte baino gehiagoz justifikaziorik gabe hutsik dauden etxebizitzen jabeei.

Hauek dira, zazpi gakotan, testuak berarekin dakartzan berritasun nagusiak:

1.- Erkidegoen esku eremu tenkatuak zehaztea

Autonomia-erkidegoek hiru urtez deklaratu ahal izango dute lurralde-eremu bat etxebizitza-merkatuko eremu tenkatu gisa; egiaztatu beharko dute, hori bai, eremu horretan alokairu-errenta etxeko batez besteko diru-sarreren % 30 baino handiagoa dela eta azken bost urteetan erkidego horretako KPIa baino bost puntu gehiago igo dela.

2.- 18 hilabete erreferentzia-indizeak egiteko

Eremu tenkatuetan hamar etxebizitza baino gehiago dituzten pertsona juridikoen errentak erreferentziako prezioen indizeen sistema baten arabera mugatzen dira. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (Mitma) badu indize bat, baina legea indarrean sartzen denetik 18 hilabeteko epea emango da indize berri bat egiteko; horrek esan nahi du, praktikan, etxejabe handientzako alokairuen erregulazioa ez dela legegintzaldi honetan aplikatzen hasiko.

3.- PFEZ arintzea errentatzaileentzat (kontratu berriak)

Ohiko etxebizitzaren alokairuaren etekin garbiagatik PFEZn gaur egun dagoen % 60ko zerga-arintzea % 50ekoa izango da, baina tentsioan dauden eremuetan % 90eraino modulatzen da.

18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako alokairu berrietarako, % 70eko murrizketa ezartzen du legeak; babestutako etxebizitzetarako eta azken bi urtetan birgaitutako etxeetarako, berriz, % 60koa.

4.- Errekargua etxebizitza hutsen OHZn

Udalek % 50eko errekargua ezarri ahal izango diete ondasun higiezinen gaineko zergaren (OHZ) kuota likidoan bi urte baino gehiago hutsik dauden bizitegi-erabilerako higiezinei; % 100ekoa hiru urte baino gehiago hutsik badaude, eta % 150ekoa jabeak udalerri berean hainbat higiezin hutsik baditu.

Etxebizitza bat hutsik edukitzeko arrazoi justifikatuak dira, besteak beste, lan- edo prestakuntza-arrazoiengatik lekualdatzea, mendekotasunagatik, osasunagatik edo gizarte-larrialdiagatik bizilekua aldatzea, bigarren etxebizitzetarako higiezinak (gehienez ere lau urtean egon ahalko dira hutsik), edo obretan edo auziren batean inplikatuta daudenak.

Salgai dauden (urtebetez gehienez) edo alokairuan dauden (sei hilabetez gehienez) higiezinak ere salbuetsita daude, merkatuko baldintzetan.

5.- Etxegabetzeak etetea

Berritasun nagusia da epaitegiek ofizioz etengo dituztela familia kalteberen etxegabetzeak, alokairua ordaindu ez badute bi hilabetez, demandatzailea pertsona fisikoa bada, eta lau hilabetez pertsona juridikoa bada.

6.- Etxebizitza sozialen eskaintza handitzea

Beste neurri batzuen artean, eta etxebizitza sozialen eskaintza handitzeko asmoz, sustapen berrietan lurzoru urbanizatuaren % 30 etxebizitza publikoetarako gordeko da, eta ehuneko horren erdia alokairurako izango da; urbanizazioa eraberritzeko edo berritzeko egiten diren jarduketetan, erreserba hori % 10ekoa izango da.

7.- Sustapeneko etxebizitza eskuragarria

Etxebizitza babestuarekin batera, "Sustapeneko etxebizitza eskuragarria" delako figura sortzen du legeak, hirigintza- eta zerga-onurak dituen titulartasun pribatuko etxebizitzak, kasu, prezio murriztuetan alokatzera zuzenduak.

Albisteak (4)