Itxi

Nafarroako Aurrekontuak

Remirez, EH Bildurekin aurrekontuak negoziatzeko bilera atarian: "Gogorik onenarekin goaz"

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Foru Gobernuak eta EH Bilduk berriro ekingo diote gaur aurrekontuen negoziazioari, aste honetan lortutako finantzazio akordioak bidea leunduta. Lorpen horrek EH Bildurentzat "aurrekontuen akordioaren bidea" ontzen du, eta Remirezek "albiste ona" dela uste du.

Javier Remirez, gaur, prentsaurrekoan. EiTB.

Foru Gobernuak eta EH Bilduk astearte honetan ekingo diote berriro aurrekontuen negoziazioari, tokiko finantzaketaren alorrean aste honetan bertan lortutako akordioak leundutako testuinguruan. Izan ere, koalizio abertzalearen ustez, "aurrekontuen akordioaren bidea ontzen du" aipatu akordioak eta, eta "albiste ona" da hori Gobernuarentzat.

Hala adierazi du prentsaurrekoan Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak, eta azpimarratu du udal finantzaketaren inguruan lortutako akordioa eta aurrekontuen inguruko balizko akordioa albiste ona liratekeela EH Bildurentzat edo Gobernuarentzat ez ezik, "herritar guztientzat" ere.

Remirezek esan du "gogorik onenarekin" joango direla bilerara, eta aurreko bileretan elkarrizketak "errazak eta irekiak" izan dela nabarmendu du, adostasunak badaudela mahai gainean. 

"Gai batzuk asko aurreratu dira, eta beste batzuk, berriz, aurreratu egin behar dira", esan du presidenteordeak, eta, testuinguru horretan, Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaile Adolfo Araizek atzo egindako hitzak ontzat jo ditu; udal finantzaketarako akordioa lortzeak "aurrekontuen bidea" ontzen duela esan zuen atzo Araizek.

Remirezek azpimarratu du oso garrantzitsua dela aurrekontu "giltzarriak" eta "garrantzitsuak" izatea hazkunde ekonomikorako, enplegurako, zerbitzu publikoak indartzeko eta gizarte eta lurralde kohesiorako.

Albisteak (2)