Osasun larrialdiaren amaiera
EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du zineman kontsumitzeko debekua indargabetzea, premiazko neurri gisa
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Epaimahaiak atzera bota du zinema-aretoen elkartearen eskakizuna, Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren kontra aurkeztu duen helegitea onartzen badute, kalte-ordainak jasotzeko aukera izango dutela argudiatuta.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema-aretoen elkarteak auzitegira jo zuen establezimendu horietan kontsumitzeko debekuaren kontra helegitea aurkezteko.
Auzia argitu bitartean eta premiazko neurri gisa, debeku hori indargabetzea eskatu zuen, Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketa horrek galera ekonomiko "larriak" eragiten dizkiola argudiatuta.
Alabaina, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kautelazko neurri berezirik ez hartzea erabaki du eta Eusko Jaurlaritzari urriaren 28ra arteko epea eman dio bere alegazioak aurkez ditzan.
Epaimahaiak onartu du neurri murriztaile horrek kalte ekonomikoak eragin ditzakeela sektore horretan, baina azpimarratu du zinema-aretoen elkarteak kalte-ordainak jasotzeko aukera izango lukeela bere helegiteak aurrera egin badu.
Gauzak horrela, ez du kautelazko neurri berezirik hartuko eta Eusko Jaurlaritzaren argudioak entzun ostean emango du bere ebazpena.