Etxegabetzeak
Donostian etxegabetze arriskuan dauden familiek Azoraren presioak salatu dituzte
O.P. | Eitb Media
Euren etxebizitzak utz ditzaten Azorak egiten dizkien "mehatxuak eta presioak bertan behera uzteko" eskatu dute. Ezin dute ordaindu funtsak kontratuak berritzeko eskatzen dien % 33ko igoera, Ategorrietako bizilagunek 750 eta 900 euro arteko errentak ordaintzen baitituzte dagoeneko hilean.
Azora auzo elkarteak, Kaleratzeak Stop eta Alokairu elkarteak salatu dute "presioak" jasaten ari direla Ategorrietako sei familia Azora Capital funtsaren partetik, etxeak utz ditzaten. Haiek baina, ziurtatu dute, ez dituztela euren etxeetako giltzak emango eta egungo errentak ordaintzen jarraituko dutela.
Pertsona horien alokairu-kontratuak berriki amaitu dira, eta, orain, salatu dutenez, funtsak % 33 igo nahi die alokairuaren prezioa. Baldintza ez onartzekotan, telefonoz presionatzen dituzte, antza, sei hilabeterako kontratua sinatu dezaten, ondoren etxebizitza uzteko baldintzarekin.
Aipatu elkarteek elkarretaratzea egin dute gaur Donostian, eta Altza-Larratxo Caritaseko, LAB eta CNT sindikatuetako, EH bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek hartu dute parte, antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
Protesta horretan, gogora ekarri dute urriaren 20an Eneko Goia Donostiako alkatearekin bildu zirela Azora Capitalekin bitartekari lanak egin zitzan eskatzeko, azken horrek kaltetutako familiei zazpi urterako kontratuak eskain diezazkien, ordaintzen ari diren errenten gaineko KPIan oinarritutako igoerarekin.
Bizilagun horiek 750 eta 900 euro arteko errentak ordaintzen dituzte hilean, Kaleratzeak Stop elkarteak azaldu duenez, hau da, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Alokairu Merkatuaren Estatistikak gomendatzen duenaren gainetik. Gainera, Ategorrietako eraikin asko egoera "txarrean" daudela eta ez dutela Eraikinen Azterketa Teknikoa gainditzen azpimarratu dute.
Bizilagunek adierazi dutenez, ez dituzte etxe horiek utziko ez eta giltzak entregatuko ere, eta egungo errenta ordaintzen jarraituko dute, ordaintzeko moduko kontratuak sinatu arte. Etxebizitzak husteko "mehatxuak eta presioak bertan behera uztea" eskatu dute, Azorak proposatzen duen " % 33ko igoera ordaindu ezin dutelako", eta kontratuak zazpi urterako berritzea eskatu dute, KPIren araberako igoerarekin.
Inmobiliaria Vascongadak kudeatzen zituen alokairuko 300 etxebizitza erosi zituen 2020ko otsailean Azora Capital taldeak. Etxebizitza horien artean Ategorrietako sei etxebizitza hauek leudeke. Eneko Goia Donostiako alkateak orduan ziurtatu zuenez, Azora inbertsio funtsak 300 etxebizitza eta lokal inguruko alokairu-kontratuei eusteko konpromisoa adierazi zion, "dauden baldintzetan".