Abiadura Handiko Trena
Bilboko, Basauriko eta Gasteizko alkateek informazio gehiago eskatu dute behin-behineko geltokien inguruan
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Aburtok bilera galdegin du AHTaren "bidaia-orria" zehazteko. Urtaranek, bestalde, "behin-behinekotasuna behin betiko" ez bihurtzeko deia egin du. Azkenik, Basauriko alkateak xehetasun guztiak idatziz jaso nahiko lituzkeela adierazi du.
Basaurin eta Gasteizen (lurrazalean) AHTaren behin-behineko geltokiak eraikiko dituztela jakin eta biharamunean, informazio gehiago eskatu dute Bilboko, Basauriko eta Gasteizko alkateek. Lehenengo biak "haserre" agertu ziren atzokoan, erabakiaren berri ez zutelako. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen bozeramailea giroa lasaitzen saiatu dira gaur, eta tren lasterra Euskadira heltzearen garrantzia azpimarratu dute.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aitortu duenez, ez zitzaizkion atzoko iragarpenaren "moduak" gustatu, baina ez du kritika gehiago egin nahi izan: "Garrantzitsuena aurrera begiratzea da. Albiste ona da AHTa lur azpitik helduko dela Bilbora". Aipatu du Arriolarekin bat egin dutela ekitaldi batean, eta labur hitz egin dutela kontuaren inguruan.
Dena dela, esan du Garraio Ministerioarekin eta Jaurlaritzarekin batera bildu nahiko lukeela azpiegitura horren "bidaia-orria" zehazteko. Horren ustez, hiru erakundeen arteko proiektu "korala da" eta hiruren elkarlana beharrezkoa da.
Kritikoago azaldu da Asier Iragarri Basauriko alkatea. Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, informazio gutxi duela eta aldi baterako dela behin betiko bilakatuko ote den beldur dela aitortu du.
AHTaren proiektuaren azken aldaketei buruzko informazioa "idatziz lehenbailehen jasotzea" eskatu du Iragorrik, tren lasterrak Basaurin eta basauriarrengan izango duen eragina zein izango den jakiteko.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere onartu du behin-behineko konponbidea, baina behin betiko ez bihurtzea eskatu du. "Akordioak betetzeko daude, eta Gasteizen ez da kabitzen behin-behineko geltoki bat. Normala da obrek irauten duten bitartean irtenbide bat ematea, baina horrek ez du esan nahi onartuko dugunik behin-behineko geltoki bat, behin-behinekotasuna behin betiko bihurtzen delako horrelako proiektu batean", ohartarazi du.
Hortaz, "ahalik eta lasterren, hitzetatik ekintzetara pasatzea" eskatu du, AHTa "proiektu guztiz estrategikoa delako gure etorkizunerako".