Itxi

Pentsioak

Pentsiodunak kalera atera dira erreformaren aurka eta Escrivaren dimisioa eskatzera

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Zenbait euskal hiritako pentsiodunen mugimenduak pentsioak erreformatzeko legearen aurka atera dira. Diotenez, lege horrek "urtero erosteko ahalmena galtzea" ekarriko luke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Milaka pentsiodun kalera atera dira gaur Bilbon, Gasteizen, Donostian, Eibarren eta Iruñean pentsioak erreformatzeko legearen aurka agertzeko, eta Escrivaren dimisio eskaera nagusitu da aldarrikapenen artean.

"Atzerapausorik ez, borroka hau irabazi egingo dugu" eta "Gobernatzen duenak gobernatzen duela, gure pentsioen defentsan" ohiko aldarrikapen oihuez gain, gaurkoan Jose Luis Escriva Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren dimisio eskaera nagusitu da.

Horren harira, gaurko mobilizazioetarako adostutako agirian, pentsiodunek azaldu dute Espainiako Gobernuaren lege proiektuak "2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen murrizketei eustea" duela helburu, eta "Escrivaren proiektuan aurrera egitea", hau da, "lan gehiago egitearen truke pentsio gutxiago jasotzea".

Proiektuan agertzen den pentsioen balioa handitzeko indizeak "urtero erosteko ahalmena galtzea" ekarriko lukeela uste dute manifestariek. Horregatik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lege proiektua kentzeko deia egin die Espainiako Gobernuari, alderdi politikoei eta erkidegoei.

"Ez dugu erreformarik onartuko ez baditu azken lau urteotan egin ditugun premiazko aldarrikapenak jasotzen", ohartarazi dute pentsiodunek, aldarrikapen nagusiak zeintzuk diren gogorarazi aurretik: lan eta pentsioen erreformak bertan behera uztea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, eta alargunen pentsioa % 100ekoa izatea, besteak beste.

Pentsioen erreformaren aurkako protesta, Gasteizen. Argazkia: Efe

Azkenik, pentsioen sistema "iraunkorra" dela eta "kontuak argiak" izatea nahi dutela azpimarratu dute. Gainera, behar izanez gero, pentsio publikoen ordainketa Estatuko Aurrekontuetan bermatu beharko litzatekeela uste dute, ez daitezela Gizarte Segurantzaren zorra izan, plan eta pentsio pribatuen aldeko apustua errefusatzearekin batera.

Horregatik guztiagatik, argi adierazi dute ez badiete aldarrikapen guztiei erantzuten, mobilizatzen jarraituko dutela datozen hilabeteetan.

Iruñean, manifestazioa Baluartetk abiatu da, eta hiriko erdigunea pentsio duinen alde zeharkatu ostean, Gaztelu plazan amaitu dute. Gasteizen Artiumetik abiatu da protesta, eta Donostian, Alderdi Ederretik.

"Nahigabe orokortua"

Jon Fano Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bozeramailea Bilbon egindako martxan izan da. Adierazi duenez, erreforma horren eztabaida parlamentarioaren aurrean, "ez dugu beste irtenbiderik ikusi" Lege proiektu hori justifikatzen duten "falazia eta gezurrak" salatzea eta "pentsiodunen arteko nahigabe orokortua agerian jartzeko" kalera ateratzea baino.

Hala, "argi" esan nahi izan die Espainiako Gobernuari eta Escriva ministroari pentsiodunen mugimenduaren "aldarrikapenak aditu" ezean, "etengabeko mobilizazioekin" topatuko direla. Era berean, ohartarazi du euren "etorkizun politikoari" eragin diezaiokeela Estatuko 9 milioi pentsiodunen eta Euskadin dauden 700 000 pentsiodunen arteko nahigabeak.

Albisteak (4)

Bideoak (1)