Pentsioak
CEOEk ez du ontzat jo pentsioak bermatzeko neurri gisa kotizazioak igotzea
Agentziak | EITB MEDIA
Patronalak elkarrizketa-mahaia utzi du, eta Espainiako Gobernua eta sindikatuak datozen orduetan kotizazioen inguruan akordio batera iristen saiatuko dira.
CEOEk uko egin dio pentsioen poltsa loditzeko kotizazio sozialak igotzeko neurria babesteari, belaunaldien arteko ekitate mekanismoa (Mei) adosteko Espainiako Gobernuak, sindikatuek eta patronalak gaur goizean egin duten bileran.
Espainiako Gobernuak kotizazio sozialen igoera mailakatua proposatu du, 2023an 0,2 puntuko igoeratik hasita, eta urtero igoz, 0,3 2024an, 0,5 2025ean eta 0,6ra iritsiz 2026an, pentsio sistemaren iraunkortasuna bermatuko duen belaunaldien arteko ekitate mekanismoaren (MEI) barruan.
Exekutiboak egindako azken proposamen honen arabera, kotizazioen igoera 2023tik aurrera sartuko litzateke indarrean, pentsioen erreserba funtsa gizentzeko (2100 milioi euro baino pixka bat gehiago ditu gaur egun) eta, horrela, etorkizuneko gastuei aurre egin ahal izateko.
Kotizazioen 0,6 puntuko igoera horren 0,5 enpresak hartuko luke bere gain eta 0,1 puntu langileak, eta 2032ra arte mantenduko litzateke. 2033tik aurrera jaitsi egingo litzateke berriro kotizazioa, 0,5 puntu 2033an, 0,3 puntu 2034an eta 0,2 puntu 2035ean.
Gobernuak joan den astelehenean aurkeztu zuen proposamenak 0,6 puntuko kotizazio gehigarria proposatzen zuen Gizarte Segurantzan, orduan baina, enpresek eta langileek kotizazioak hamar urtez 0,4-0,2 proportzioan ordaintzea proposatzen.
CEOEren Batzorde Exekutiboak ez du babestu Espainiako Gobernuak Iraunkortasun Faktorea ordezkatzera datorren belaunaldien arteko ekitate mekanismoari buruz egindako proposamena; patronalaren ustez "ez baita nahikoa, ez baitu bermatzen sistemaren oreka eta etorkizunean jasangarritasuna bermatzeko neurri gehigarriak beharko baititu", ohar batean azaldu dutenez.
CEOEk mahaia utzi izanak bidea libre uzten die Gobernuari eta sindikatuei akordioa lortzeko, 'Baby boomer'-en belaunaldiko pentsioak ordaintzeak eragingo dien gastuari aurre egiteko moduez.
Espainiako Gobernuko iturriek Europa Press albiste agentziari adierazi diotenez, akordioa gaur arratsaldean bertan etor liteke, ezarritako epea betez (azaroaren 15a zen ekitate mekanismoa zehazteko azken eguna).
Halaxe adierazi diote sindikatuetako iturriek Europa Press albiste agentziari ere, arratsaldean bertan harremanetan egongo direla Gobernuarekin negoziazio mahaian aurkeztu zieten proposamena "egokitzeko".