Krisia
40 bat elkartek egin dute bat lan-erreforma salatzeko eta pentsio duinak aldarrikatzeko mobilizazioekin
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gehiengo sindikalak deituta, abenduaren 1ean manifestazioak izango dira Euskal Herriko hiri eta herrietan lan eta pentsio erreformak salatzeko eta biz baldintza duinak aldarrikatzeko.
Datorren abenduaren 1erako mobilizazioak deitu dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, lan eta pentsio erreformen aurka eta bizitza duinaren alde.
40 eragile sozial inguruk egin dute bat Euskal Herriko hiriburuetan eta 30 bat udalerritan egingo diren manifestazioekin. Tartean dira talde feministak, ekologistak, antimilitaristak, ikasleak, independentistak edota pentsionistak.
Elkarte horiek agiri bateratu batean adierazi dute covid-19aren pandemiak eragindako osasun krisia "2008ko krisi ekonomikoaren ondorioak gainditu gabe" iritsi dela eta horrek "sistema kapitalista eta heteropatriarkalak bultzatutako beste hainbat krisi" azaleratu dituela.
"Aurreko guztiaren kudeaketa negargarria izan da eta argi geratu da botere ekonomiko eta politikoek kapitalaren aldeko apustua berretsi dutela, bizitzak erdigunean jarri beharrean", deitoratu dute.
Halaber, agintariek datozen urteetan erabakiak ildo berean hartuko dituztela ohartarazi dute: "Irakaspenak atera eta norabide aldaketa sakonari ekin baino, datozen hileotako eta urteotako aurreikuspenek argi uzten dute erabakiek ildo berean jarraituko dutela: Europar funtsen baldintzapekotasun eta norabidetik hasi, Madrilen hileotan eztabaidagai dauden lan eta pentsio erreformetatik igaro eta gure herriko aurrekontu eta berdintasun politika zein politika sozialetaraino".
Testuinguru honetan, lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatu dituzte eta lan eta pentsio erreformen aurkako jarrera berretsi dute. Eta hori guztia lortzeko burujabetza ezinbestekoa dela azpimarratu dute. "Oinarrizkoak diren aldarrikapen hauek batzen gaituzte", erantsi dute.