Kongresua
Gizarte Segurantzak ordaindutako gastuak ikuskatzea adostu dute Espainiako Gobernuak, EH Bilduk eta ERCk
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Horrez gain, urtebeteren buruan pentsio minimoaren zenbatekoa eguneratzeko eta haren eboluzioa gutxiengo soldatari lotzeko akordioa egin dute PSOEk, Unidas Podemosek, EH Bilduk eta ERCk.
PSOEk, Unidas Podemosek, EH Bilduk eta ERCk pentsioen sistema publikoaren erreforman zuzenketa bat egitea adostu dute, 1967tik Gizarte Segurantzak izandako diru sarrerak eta gastuak ikuskatzeko, berari ordaintzea ez zegokion gastuen faktura zenbatekoa den argitzeko.
Akordioaren arabera, legea onartzen den unetik hasita, Espainiako Gobernuak hilabeteko epea izango du ikuskaritza bat agintzeko.
Azterketan horretan arreta berezia jarri beharko dute Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez zuzenean finantzatutako gastuen gainean, gizarte politikatzat hartzen direlako.
Ikerketa egiteko sei hilabete izango dituzte gehienez eta txostena Toledoko Itunaren akordioen jarraipena egiteko batzordearen esku utziko dute. Dokumentuak jasota geratuko dira 1967tik 2019ra bitartean izandako sarrerak eta gastuak.
Gutxiengo pentsioak eta soldata
Bestalde, lau alderdi politikoek beste akordio bat ere egin dute urtebeteren buruan pentsio minimoaren zenbatekoa eguneratzeko eta haren eboluzioa gutxiengo soldatari lotzeko.
Adostutakoaren arabera, Espainiako Gobernuak eragile sozialekin batera aztertu beharko ditu pentsio minimoa zehazteko irizpideak, Konstituzioak eta Europako Gutun Sozialak jasotakoa betetzen dela bermatzeko.
Pentsio minimoak eguneratzeko eta lanbideen arteko gutxiengo soldatari lotzeko beharrezkoak diren lege aldaketak egiteko urtebeteko epea izango du Espainiako Gobernuak.