Itxi

EAEko aurrekontuak

Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketa aurkeztuko die 2022ko EAEko aurrekontuei

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Jaurlaritzak koalizioaren hiru proposamen “estrategikoak” aintzat ez dituela hartuko iragarri ostean hartu du erabakia. Energiaren enpresa publikoa, kaleratutako osasun langileak berriz kontratatzea eta eskola publikoaren aldeko paktua ziren proposamen horiek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Elkarrkein Podemos-IUk osoko zuzenketa aurkeztuko die 2022ko EAEko aurrekontuei. Hala erabaki du Jaurlaritzak koalizioaren hiru proposamen "estrategikoak" aurrekontuen negoziazioan ez txertatzea erabaki duela jakinarazi ondotik.

Miren Gorrotxategik, talde moreak Legebiltzarren duen bozeramaileak azaldu duenez, joan den ostiralean Eusko Jaurlaritzarekin izandako bileran, argi utzi zietela Gobernuak ez duela asmorik negoziazioetan eurek proposatutako hiru gai nagusien inguruan hitz egiteko; energia berriztagarrien energia enpresa publikoa sortzea, osasun-larrialdia amaitzearekin bat kaleratuak izan diren 4.000 osasun langileak atzera ere kontratatzea, eta eskola publikoaren aldeko hezkuntza hitzarmena. 

Taldeko iturriek jakinarazi dutenez, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak gaur argitu die ez dituela hiru proposamen horiek onartzen eta, horrenbestez, zuzenketa aurkeztu beste aukerarik ez zaiela gelditzen.

Azpiazuren deia jaso baino minutu batzuk lehenago, Gorrotxategik hedabideen aurrean ohartarazi dio Eusko Jaurlaritzari zegokiola osoko zuzenketa hau saihesteko erabaki bat hartu ala hiru gai horiek negoziaziotik kanpo mantentzeari eusten zion; kasu horretan, proiektua itzultzea eskatuko luketela esan du.

Gorrotxategik berretsi duenez, Ogasun eta Ekonomia sailburuak aurkeztutako kontraproposamenak ez ditu  aurreko jarrerak "batere aldatzen". Joan den ostiraleko bileraren ostean aitortu zuen Jaurlaritzak "nahiko zail" jartzen ziola akordiorako bidea.

Carlos Iturgaitzek, Eusko Legebiltzarreko PPko bozeramaileak, gaur goizean iragarri du PP+Cs taldeak ere osoko zuzenketa aurkeztuko duela. 

Bi zuzenketa horiek gorabehera, aurrekontuen onarpena bermatuta dago; izan ere, Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek, EAJk eta PSE-EEk, gehiengoa dute Legebiltzarrean.

Elkarrekin Podemos-IUren lege-proposamena

Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien enpresa publiko baten sorrera negoziazioan sartzeari uko egin ostean, eta lege proposamen bat erregistratu du Elkarrekin Podemos-IUk astearte honetan.

Poriektu horrek helburu jartzen du 2050erako ez egotea behartuta oligopolioaren faktura energetikoa ordaintzera; izan ere, gaur egun Eusko Jaurlaritzaren funts publikoak jasotzen ditu oligopolio horrek baina, "ez dira inoiz herritarren onurara itzultzen".

Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "subiranotasun energetikoan aurrera egitea" defendatu du, bere taldeak proposatzen duena bezalako neurriekin.

Gorrotxategiren hitzetan, oligopolio energetikoak "xantaia" egiten die "fakturen ordaintzaile huts gisa" nahi dituen herritarrei.

Albisteak (5)

Bideoak (1)