Itxi

EAEko aurrekontuak

Jaurlaritzaren proposamenak "gabeziak" ditu arlo politikoan, baina "aukerak" ekonomikoan EH Bildurentzat

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

EH Bilduk proposamen berri bat helaraziko asteazken honetan Jaurlaritzari, EAEko aurrekontuak negoziatzeko asmoz. Koalizio soberanistaren talde negoziatzailea Maddalen Iriartek, Nerea Kortajarenak, Pello Otxandianok eta Unai Urruzunok osatuko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2022ko EAEko aurrekontuetarako akordio zabal bat lortzeko negoziazioak aurrera egiteko aukerak ditu gaur gaurkoz. Goizean Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Csek osoko zuzenketak aurkeztuko dituztela iragarri duten arren, badirudi Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko negoziazioak ehuntzen jarraitzen duela, gutxika-gutxika. 

EH Bilduk astearte honetan jakinarazi du koalizio soberanistaren Mahai Politikoak Eusko Jaurlaritzari proposamen berri bat igortzea erabaki duela, 2022ko aurrekontuak negoziatzeko aukerak aztertzeko. 

EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzaren proposamenak "gabeziak ditu eta ez da nahikoa", bereziki konpromiso politikoen esparruan. Baina, aldi berean, "arlo ekonomikoan aurrera egiteko aukerak" badaudela uste du. EH Bildu proposamena prestatzen ari da, eta asteazken honetan helaraziko die Eusko Jaurlaritzako ordezkariei.

Halaber, koalizioak azaldu duenez, negoziazio talde bat izendatzea erabaki du. Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramaileak, Nerea Kortajarena legebiltzar taldeko koordinatzaileak, Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak eta Unai Urruzuno EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ondokoak osatuko dute talde hori. 

Albisteak (2)

Bideoak (1)