Itxi

Tramitazioa

Diputatuen Kongresuak pentsioen erreformako lehen zatia onartu du, zortzi urte geroago PPrena indargabetuz

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

PSOE, UP, ERC, EAJ, Junts eta PDeCATek babestu dute; PP, Vox eta Ciudadanosek aurkako botoa eman dute; eta EH Bildu abstenitu da. KPI berreskuratuko du, jasangarritasun faktorearen amaiera kotizazio handiagoarekin orekatuko du eta berezkoak ez diren gastuak Estatuak bere gain hartuko ditu.

Pedro Sanchez eta Yolanda Diaz txaloka Kongresuan. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak planteatutako pentsioen erreformako lehen zatia onartu du Diputatuen Kongresuak ostegun honetan, 2013an PPk diseinatutako oinarriak indargabetuz. Pentsioen balioa handitzeko erreferentzia KPI izango da berriro, eta jasangarritasun faktorea desagertuko da, nahiz eta indarrean ere ez den sartu.

PSOE, Unidas Podemos, Esquerra Republicana, EAJ, PDeCAT, Junts, Mas Pais-Equo, Compromis, Nueva Canarias, Teruel Existe eta PRCk lege-proiektua babestu eta onartu dute.

PP, Vox, Ciudadanos, CUP, UPN, Coalicion Canaria, Foro Asturias eta BNGk, ostera, kontrako botoa eman dute. Bestalde, EH Bildu abstenitu egin da.

Bozketa amaitu ondoren, azkena bederatzi orduko saio baten ostean, PSOEko eta Unidas Podemoseko diputatuak eserlekuetatik altxatu dira, eta txalo egin dute. Ganberatik atera baino lehen, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Jose Luis Escriva Inklusio, Migrazio eta Gizarte Segurantza ministroarengana hurbildu da, eskua emateko eta zoriontzeko.

Orain erreforma Senatuaren esku geratuko da, tramitazioa bukatzeko. Ganbera horrek aldaketak egiten baldin baditu, proiektua Kongresura itzuli beharko da berriro, berriz bozkatzeko, azken hitza izango baitu.

Eztabaidaren ostean, erreforma "adostasunetik eta adostasunaren bidez jaio" dela aldarrikatu du Jose Luis Escriva ministroak. Duela urtebete Toledoko Itunak emandako "asmo handiko" gomendio "zehatzetatik" abiatuz sortu zela gogorarazi du ministroak. Horregatik, erreforma "zenbait fasetan" lantzea justifikatu du agintariak.

Jasangarritasun faktorearen indargabetzea orekatzeko (pentsioaren hasierako zenbatekoa murrizten zuen, bizi-itxaropenaren arabera), hamar urtez kotizazioak 0,6 puntu areagotzea aurreikusi du erreformak, 2023 eta 2032 artean, hain zuzen ere, pentsioen "itsulapikoa" betetzeko eta 'baby boomer' belaunaldiaren erretiroari aurre egiteko.

Belaunaldi arteko ekitate mekanismoa izena jarri diote. Duela aste batzuk Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin akordioa itxi zuen, nahiz eta patronala kontra azaldu.

Albisteak (6)