Itxi

Urtarrilaren 3ra arte

Mercedesen Gasteizko fabrikak bertan behera utziko du ekoizpena abenduko azken bi asteetan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Egun horietan, abenduaren 17tik aurrera, "piezak pilatuko ditu"; aurreikuspena da ekoizpenari urtarrilaren 3an berriro ekitea.

Mercedesek abenduaren 17an eten egingo du ekoizpena. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.

Mercedesen Gasteizko fabrikak bertan behera utziko du ekoizpena abenduko azken bi asteetan; asmoa da egun horietan "piezak pilatzea", eta aurreikuspena da ekoizpenari urtarrilaren 3an berriro ekitea.

Sindikatuen iturriek azaldu dutenez, ostegun honetan egindako ekoizpen-bileran, Zuzendaritzak adierazi du pieza batzuen horniduran gabeziak daudela; hortaz, adostu dute aurtengo azken laneguna abenduaren 17an izatea (ostirala da). Ordura arte, normaltasunez egingo dute lan.

Hori dela eta, egun horretatik aurrera, enpresak eten egingo du ekoizpena. Adostuta zegoen jada abenduko larunbatetan ez zela ekoizpenik izango, Enplegu Erregulazioko Espedienteagatik, eta orain, aldiz, urtea amaitu arteko lanegun guztietan gauza bera egitea erabaki dute; hau da, abenduaren 20an, 21ean, 22an, 23an, 27an, 28an, 29an eta 30ean.

Aurreikuspena da ekoizpena urtarrilaren 3an berriro hastea, baina, "gaur gaurkoz, hori ez dago bermatuta"; izan ere, erdieroaleen horniduran zalantzak daude oraindik, aipatutako iturriek esan dutenez.

Mercedes Euskadiko fabrikarik handiena da, eta 5.000 langileri ematen die enplegu zuzena.