Lan-erreforma
Espainiako Gobernuak lan-erreforma adostu du CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin
agentziak | eitb media
UGT eta CCOO sindikatuek Gobernuaren proposamena babestu dute, eta CEOEren batzordeak ere oniritzia emana zion osteguneko lehen orduetan. Testuak kontratazioa eta negoziazio kolektiboa jorratzen ditu, besteak beste.
Espainiako Gobernuak lan-erreformaren aldaketak adostu ditu hilabeteetako negoziazioen ostean, bai CEOE patronalarekin, bai UGT eta CCOO sindikatuekin. Aho batez babestu dute sindikatuek lan-erreformarako proposamena euren zuzendaritza-organoen bileretan. CEOEk, berriz, osteguneko lehen orduetan emana zion oniritzia testuari.
Laneko Ministerioak adierazpen batean nabarmendu duenez, "akordio historikoa da lan-harremanei dagokienez, Espainiako lan-merkatua Europakora homologatzen duena". Gobernuaren asmoa da lan erreforma hil honetako 28an onartzea Ministroen Kontseiluan. Hala izatekotan, beteko litzateke abenduaren 31 baino lehen onartzeko Bruselarekin hartutako konpromisoa.
Gobernuak mahaigaineratutako testuak Langileen Estatutuko zenbait alderdi jorratzen ditu, kontratazioa eta negoziazio kolektiboa besteak beste; eta helburu nagusien artean du Espainiako behin-behinekotasun handia murriztea. Hala, xedatzen du lan-kontratu arrunta mugagabea izango dela eta aldi baterako bi kontratu mota soilik egin ahal izango direla: egiturazkoa eta prestakuntzarakoa.
Egiturazkoa bi kasutan soilik emango da: ekoizpenaren egoeragatik zein lanpostua erreserban duen beste langile baten ordezkapenagatik, betiere kontratatutako langilea nor ordezkatzen ari den ondo zehaztuta.
Era berean, prestakuntzarako kontratuaren definizioa eta kausaltasuna indartu nahi dira, bi kontratu mota eskainiz: txandakako formakuntza, lana eta formakuntza konbinatuko dituena, eta praktika profesionala eskuratzeko kontratua.
Gobernuak ezarri nahi duen lan-legedi berriak kontratu finko etena sustatuko du, urtaroko zein aldi baterako jardueretarako. Modalitate horretara atxiki ahal izango dira administrazio- zein merkataritza-kontratuetako lanak, eta lan-harreman aldi osoko antzinatasuna aitortuko da, ez lan egindako aldietakoa bakarrik.
Bestalde, testuak 2012ko lan-erreforma aldatzen du, negoziazio kolektiboan oreka berreskuratzeko, ultraaktibitate osoa berrezarriz. Hala, hitzarmen kolektiboak beste batzuek ordezkatu arte luzatuko dira, denbora mugarik gabe, aurrez ezarritako urte bateko epearen ordez.
Gainera, barne-malgutasuneko neurriak bultzatu nahi dira, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEE) besteak beste, kaleratze kolektiboak ekiditeko.
Akordioarekiko erreakzioak
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eskerrak eman dizkie patronalari eta sindikatuei Gobernuarekin akordioa lortu eta lan-merkatuaren erreforma aurrera ateratzeko "konpromisoagatik". Lan eta soldata duinak bultzatzeko helburua berretsi du Sanchezek, guztien eskubideak bermatuko dituztenak.
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomia ministroak ere eskerrak eman dizkie akordioa lortzeko "emandako orduengatik". Diazek esan du "pozik" dagoela bederatzi hilabeteko negoziazioaren ostean eragile sozialen oniritzia lortu dutelako.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu eta lehendakariordeak esan duenez, lan-erreformarako akordioa "oso garrantzitsua" da enpresentzat eta langileentzat. "Enpresei euren aurrerabidea bermatzeko tresnak eskainiko dizkiegu eta euskal langileei eskubideak itzuliko dizkiegu, alde guztientzako testuinguru ekonomiko berri batean", adierazi du.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ohartarazi duenez, lan-erreformaren alderdi "kaltegarrienak" ezabatu ezean, koalizioak aurka bozkatuko du. Otegiren hitzetan, EH Bildu "oso kezkatuta" dago lortutako akordioarekin, "ez baitu lan-erreforma indargabetuko".
Unai Sordo CC. OO.ko idazkari nagusiak "positibotzat" jo du akordioa, baina sindikatuak "aldarrikapen askori" ez diela uko egiten ohartarazi du. Etorkizuneko araudiak kontratuen behin-behinekotasuna murrizten duela eta negoziazio kolektiboan langileen negoziazio ahalmena berreskuratzen duela adierazi du.
LAB sindikatuak salatu duenez, akordioak "euskal langileriak egiten dituen aldarrikapen eta eskaerei erantzuten ez dieten" aldaketak aurreikusten ditu, eta, horregatik, urtarrilaren 27an deitutako "aldarrikapen egunean" bere gaitzespena adieraziko du. Halaber, euskal alderdiei euren botoak langileen mesedetan jartzeko eskatu die.
Mariano Hoya UGTko Politika Sindikaleko idazkariordearen ustez, etorkizuneko araudiak "behin-behinekotasuna nabarmen murriztea" ahalbidetuko du, erreformaren helburuetako bat.
ELA sindikatuaren ustez, lan-erreformarako akordioa "oso txarra" da, "Zapateroren eta Rajoyren erreformen alderdirik kaltegarrienak (2010 eta 2012) indarrean" uzten dituelako, eta "ahalik eta erantzunik zabalena eta sendoena" emango duela iragarri du.