EUSKADI IRRATIA
Mitxel Lakuntza: "Lan erreforma lehen genuena baino okerragoa da alderdi eta sindikatuen oniritzia duelako"
Onintza Aiestaran | EITB Media
ELAko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, EAJrekin eta EH Bildurekin harremanetan jarri dira eta publikoki lan erreformaren kontra erakutsi duten jarrera irmoari eusteko asmoa agertu dute amaierara arte. Halaber, LABekin lan erreformaren aurkako erantzuna antolatu nahi du ELAk.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Espainiako Gobernuak mahai gainean duen lan erreformari buruz galdetuta, aurreikus zitekeen egoera okerrena dela nabarmendu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. Haren esanetan, aurrekoa baino okerragoa da Espainiako Gobernua osatzen duten alderdien eta UGT eta CCOO sindikatuen babesa duelako. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan esan du EAJrekin eta EH Bildurekin harremanetan daudela eta publikoki lan erreformaren kontra erakutsi duten jarrera irmoari eusteko asmoa agertu dutela amaierara arte.
Diputatuen Kongresuak lan erreformari babesa ematen ez badio zer gertatuko den galdetuta, gaur egun indarrean dagoen lan araudia indargabetzeko prozesua abiatu beharko litzatekeela erantzun du. Ildo horretan, ELAren lehentasuna LABekin lan erreformaren kontrako erantzuna antolatzea dela azpimarratu du.
Erreforma horrekin kontratu motak mugatu egingo badira aurretik epaitegiek horrela ebatzi dutelako dela azpimarratu du, jurisprudentzia dagoelako. Kontratuei lotutako arazoa ikuskaritza falta dela salatu du: "Ez dago ikuskaritzarik, ez dago jarraipenik eta ez dira zigortzen". Kaleratzeen inguruan ez dela aldaketarik egon eta gaia mahai gainean ere ez dela egon adierazi du.
Horrez gain, koalizio gobernua osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos alderdien aurka egin du, beren hauteskunde programan lege erreforma indargabetu zutela esan eta agindutakoa bete ez dutelako. Elkarrizketa mahaiak hauteskunde programak ez betetzeko "koartada" bat direla deitoratu du: "Elkarrizketa mahaiak sindikatuentzat tranpak dira; patronalarentzat, altxorra".
Koronabirusaren seigarren olatuan langile asko gaixotu dira eta Osakidetza gaixo agiri sistematikoak ematen hasi da. Lakuntzaren esanetan, ez dago baliabide nahikorik, eta horregatik hartu dute erabaki hori. Horren arabera, Eusko Jaurlaritza inprobisatzen eta erabakiak alde bakarrez hartzen ari da, osasungintzan ez ezik hezkuntzan ere gaixo dauden langileak ordezkatzeko.
Osakidetzan kontratatu litezkeen langile guztiak kontratatu direla esaten du Osasun Sailak, baina auzia beste bat da, Lakuntzaren ustez. Bi kontu aipatu ditu: batetik, zer planifikazio egin den aurretik, eta, bestetik, nola zaindu diren eta zer tratu eman zaien osasun langileei.
Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzako 206 irakasle ingururi Irale programa etetea salatu du, lan egiteko prest dagoen jendea dagoelako Hezkuntzaren zerrendetan.