Itxi

Haragi-kontsumoa

EHNEk eztabaida ustiategien titulartasunean eta iraunkortasunean jartzeko eskatu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nekazarien sindikatuaren esanetan, Alberto Garzon ministroaren hitzen inguruko eztabaida "nahiko interesatua izan da, ñabardurak egiteko tarterik gabe eta epai erraza eta aurkari politikoaren aurkako erasoa bilatuz, kasu honetan lehen sektorea erabiliz".

Sindikatuak Alberto Garzonen adierazpenen inguruan hitz egin du. Argazkia: Gonzalo Elorza.

EHNE sindikatuak eztabaida "nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien titulartasunean" jartzeko eskatu du, eta "iraunkortasun ekonomiko eta sozialaren garrantzia" azpimarratu du.

Ohar batean adierazi duenez, Alberto Garzon ministroaren adierazpenek eragindako eztabaida "nahiko interesatua izan da, ñabardurak egiteko tarterik gabe eta epai erraza eta aurkari politikoaren aurkako erasoa bilatuz, kasu honetan lehen sektorea erabiliz".

Aldi berean, iraunkortasunari buruz hitz egitean, ingurumena kontuan izanda egin behar dela adierazi du, baina baita gizarte eta ekonomia kontuan izanda ere, eta honakoa esan du horren harian: "Abeltzaintza estentsiboa abeltzaintza intentsiboaren aurrean bultzatu behar dela esatea titular bat da, eta horrekin gutxi gorabehera ados egon gaitezke".

EHNE sindikatuaren arabera, "ekoizpen eredua garrantzitsua da, eta, lehen sektorearen etorkizunari begira, ingurumena zaintzea funtsezko helburua izan behar da". Halaber, sindikatuarentzat "eztabaidaren benetako fokua nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien titulartasunean jarri behar da, iraunkortasun ekonomiko eta sozialaren garrantzia azpimarratuz". 

Ildo horretan, "mundu mailan zein toki mailan, inbertsio-funts handiak abeltzaintza- eta nekazaritza-ekoizpenaren jabe egiten ari dira", nabarmendu du.

Testuinguru horretan, "aurrean dugun erronka nagusia" da ea enpresa handien esku dagoen lehen sektore bat nahi den, langileekin, edo herrietan bizi diren nekazari eta abeltzainez osatutako lehen sektore bat, ustiategia kudeatuz.

Zentzu horretan, ustiategien tamaina legez mugatzea, Nafarroan eta beste erkidego batzuetan saiatu den bezala, "funtsezkoa" da. "Caparroson jarritakoa bezalako makrogranjak sektoreko gainerakoekin lehiatzen dira, baina, aldi berean, laguntza berdinak jasotzen dituzte", esan du. "Garzon ministroaren adierazpenen artean negatiboena haragiari orokorrean ematen zaion irudi txarra da, haragiaren sektore osoari eragiten diona", azaldu du.