Itxi

Lan-gatazka

Gasteizko Mercedesen lan-erregulazioa ezarriko dute sei hilabetez

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aldi baterako lan-erregulazioa ekainera arte egongo da indarrean eta langile bakoitzari gehienez 30 egun aplikatuko zaizkio. Aurrerantzean pieza nahikorik izango ez dutela aurreikusi du zuzendaritzak eta horregatik erabaki du espedientea ezartzea.

Mercedesen lantegia Gasteizen.

Gasteizko Mercedes Benz lantegian sei hilabeteko lan-erregulazioa ezarriko dutela iragarri du zuzendaritzak, ibilgailuak egiteko piezak faltako zaizkiela argudiatuta. UGT sindikatuak zehaztu duenez, neurriak 4.669 langilerengan izango du eragina.

Zuzendaritzak bilera egin du langile-batzordearekin fabrikaren egoera azaltzeko. Alemaniako lantegietan piezak falta diren arren, Gasteizen urte hasiera "bikaina" izan dutela eta, ondorioz, datozen asteetan normaltasunez jardungo dutela azpimarratu dute enpresako arduradunek.

Alabaina, urtarrilaren 30etik aurrera hornidura-arazoak izan daitezkeela aurreikusi dutela eta "ziurgabetasun horren aurrean" aldi baterako lan-erregulazioa ezartzea erabaki dutela azaldu dute.  

Aldi baterako lan-erregulazioa ekainera arte egongo da indarrean eta langile bakoitzari gehienez 30 egun aplikatuko zaizkio.

Bestalde, LAB sindikatuak langile kaltetuentzako "baldintza duinak" eskatu ditu eta nabarmendu enpresarena dela ardura eta ezin dela "arazoaren zama guztia langileengan, azpikontraten eta enpresa hornitzaileen gainean jarri".   

Ildo horretan, sindikatuak gogora ekarri du Mercedesek iaz "276 milioi euroko irabazia" izan zuela eta, aurreikuspenaren arabera, "aurtengo produkzioa inoizko handiena" izango dela.

 

Albisteak (1)