Lan-gatazka
Gasteizko Mercedesek eta sindikatuek gaur helduko diete berriz erregulazio berriaren negoziazioei
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zuzendaritzak sei hilabeteko lan-erregulazioa proposatu zion enpresa batzordeari joan den astean. Langile bakoitzari gehienez 30 egun aplikatuko zaizkio.
Gasteizko Mercedes-Benzeko zuzendaritza eta langile batzordea berriz ere batzartuko dira asteazken honetan, enpresak mahai gainean jarritako lan-erregulazio proposamena negoziatzeko. Hain zuzen ere, sei hilabeteko lan-erregulazioa proposatu du zuzendaritzak, 4.669 langilerentzat.
Joan den astean, enpresak bilera egin zuen langileen ordezkariekin, fabrikaren egoera azaltzeko. Horretan, ibilgailuak egiteko piezak faltako zaizkiela argudiatu zuen.
Alemaniako lantegietan piezak falta diren arren, Gasteizen urte hasiera "bikaina" izan dutela zehaztu zuten orduan. Ondorioz, aste honetan normaltasunez jarduten ari dira.
Alabaina, urtarrilaren 30etik aurrera hornidura-arazoak izan daitezkeela aurreikusi dutela eta "ziurgabetasun horren aurrean" aldi baterako lan-erregulazioa ezartzea erabaki dutela ohartarazi zieten langileei.
Aldi baterako lan-erregulazioa ekainera arte egongo da indarrean, eta langile bakoitzari gehienez 30 egun aplikatuko zaizkio.