Itxi

TRANSFERENTZIAK

Atutxa: "Ez dago aitzakiarik Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eskualdatzeke egoteko"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lan-erreformari buruz, EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak argi utzi du "gaur-gaurkoz" EAJren botoa "aurkakoa" dela, eta berretsi du hitzarmen autonomikoak lehenesteak irekiko lukeela akordioarako atea.

Itxaso Atutxa, gaur, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media.

Radio Euskadiko "Cronica de Fin de Semana" albistegian egindako elkarrizketan, Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak  emandako hitza betetzeko eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskumena EAEren esku uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Buruzagi jeltzalearen hitzetan, ez dago aitzakiarik eskumen hori eskualdatzeke egoteko. "Pandemia edota arazo teknikoak ez dira aitzakiak", esan du. 

Espainiako Gobernuak "berak ezarritako egutegia" eta "hiru aldiz" izenpetutako akordioa betetzea besterik ez direla ari exijitzen gogoratu du Atutxak.

Bestalde, datorren ostegunean Espainiako Kongresuan bozkatuko den lan-erreformari buruz, EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak argi utzi du "gaur-gaurkoz" EAJren botoa "aurkakoa" dela, eta berretsi du hitzarmen autonomikoak lehenesteak irekiko lukeela akordioarako atea.

Ildo horretan, lan-erreforma "lege proiektu" gisa bidera dezala eskatu dio Atutxak Pedro Sanchezen Gobernuari, bide horrek "testuan hainbat aldaketa jasotzea" ahalbidetuko lukeelako. Gainera, esan duenez, aukera horrekin EAJren botoak bakarrik ez, ERC alderdiarenak ere bereganatuko lituzke Espainiako Exekutiboak.

Halaber, BBBko buruak Sanchezi gogorarazi dio "gutxiengoan" ari dela gobernatzen, eta "jeltzaleen botoa nahi ez badu ere", beste batzuena beharko duela "nahitaez". "Cs alderdiarekin ere ez du erraza izango akordioa ixtea", zehaztu du.

Espainiako Gobernuak CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako lan-erreformak Diputatuen Kongresuaren onespena jaso behar du eta, oraingoz, PSOEk eta Unidas Podemosek osatzen duten koalizio gobernuak ez du babes nahikorik aldaketa gauzatzeko.

Hain zuzen, gaur gehiengo sindikala kalera aterako da Hego Euskal Herriko hiriburuetan, "Lan Erreforma honi, ez" lelopean.

Albisteak (4)

Audioak (1)